Arrasate LGTBI+ komunitatearentzat bizigarriago egiteko urratsak

Gazteek esperientzia pertsonalak partekatu dituzte, normatibitatearen eta ikusgarritasunaren inguruko gogoetak eginez.

Irudi generikoa: Gazte talde anitza Euskal Herriko plaza batean, komunitatea eta elkarrizketa nabarmenduz.
IA

Irudi generikoa: Gazte talde anitza Euskal Herriko plaza batean, komunitatea eta elkarrizketa nabarmenduz.

Kattalin Miner kazetariak moderatutako solasaldian, Ane Uribarren eta Oihan Zubizarreta gazteek Arrasate LGTBI+ komunitatearentzat bizigarriago egiteko erronkak eta aukerak aztertu zituzten.

Kattalin Miner kazetariak eta Eihera kooperatibako bazkideak moderatutako ekitaldian, Ane Uribarren (Arrasate, 2005) eta Oihan Zubizarreta (Arrasate, 1985) aritu ziren solasean. Hasiera batean Nerea Loron La Furia ere parte hartzekoa zen, baina azken orduko arrazoiengatik ezin izan zuen bertaratu.
Minerrek saioaren helburua argi utzi zuen: "Arrasate bizigarriago egitea nahi dugu guretzat; LGTBQI+ komunitatearentzat bizigarriago dena denontzat delako bizigarriago". Bi gazteek beren esperientzia pertsonaletik hitz egin zuten.
Zubizarretarentzat, unibertsitate ikasketak tarteko Bilbon egindako urteak "askatzaile" izan ziren, eta gero Arrasatera itzuli zen. Bertan, Arrasate "habia bezain kaiola" dela azpimarratu zuen. "Normatibitateak operatzen du gure egunerokoan, gure lagunartean", adierazi zuen. Nahiz eta Arrasatek ezaugarri "aurrerakoiak" izan, "praktika, pentsaera, marko eta jarrera asko eta asko kontserbadoreak eta tradizionalak dira, eta, alde horretatik, bada kaiola".
Zubizarreta, Morbor Arrasate taldeko kidea, ikusgarritasunaren ideiaz ere mintzatu zen. "Duela urte batzuk baino askoz ikusgarriagoak gara, bai, baina frustragarria da ikustea ezin dugula herri mailan komunitate antolatuago bezala funtzionatu". Hala ere, mezu positiboa helarazi zuen: "Transfeminismoan irabazi denak ezin du atzera egin, eta sinistuta nago gizarteak erantzungo lukeela horren aurrean. Komunitatea eraikitzen jarraitu behar dugu, oso garrantzitsua da".
Ane Uribarren, Trasmaribibollo mugimenduko kideak, Arrasatek bi aurpegi dituela adierazi zuen. "Arrasate maite dut, baina bi aurpegi dituen hiri txiki bat da; batetik, gertutasuna ematen du, badakigu ondokoa zein den. Aldi berean, baina, Arrasatek badakar presioa; hemen argi dago normatibitatea gailentzen dela". Gazteen artean, identitatea sortzen ari diren unean, "araua oso hedatua dago, besteak beste, nola jantzi, nola ligatu eta ze gorputz desiratu behar den esateko". Uribarrenen ustez, "Arrasate bada etxe, baina ez beti; kontuz ibili behar izaten dugu tarteka". "Gustatuko litzaidake Arrasate arnasgune izatea. Gazteok erreferente falta dugu Arrasaten, erreferenteak ez dira oraindik horren ikusgarriak. Herrian marika, bollera eta disidente asko dago antolatu gabe".
Egitaraua domekan, Herriko Plazako elkarretaratzearekin (12:30) itxiko dute, ondoren kuir-poteo musikatua izango delarik.