Azken urteetan, Aretxabaletako Andramaixetan bi txosna ezberdin egon dira, bakoitza bere egitarau eta antolatzaileekin. Hala ere, aurten, egoera horri buelta eman eta herritarrek txosna bateratu batez gozatzeko aukera izango dute, sortu berria den Atxabaltako Txosna Batzordeari esker.
“"Azken bi urteetan bi txosna egon dira andramaixetan, eta Aretxabaleta moduko herri baten egoera hori luzatzeak zentzurik ez duela pentsatu dugu biok."
Atxabaltako Gazte Mugimendua eta GuGeu Atxabalta izan dira azken bi andramaixetan txosnak jarri dituzten bi eragileak. Kideen ustez, nahiz eta beste esparruetan bakoitzak bere bidea egin, jaietan egoera hori betikotzeak ez zuen zentzurik. Batzordeko kideek adierazi dutenez, Aretxabaletako gazteen artean zegoen zatiketa ikusita, jaietarako guztiak elkartu eta txosna batzorde bakarra sortzea erabaki zuten, jai potenteak antolatu eta denek elkarrekin egoteko aukera izateko.
Aurtengoa ez da izan txosna batzorde bateratua sortzeko herriko gazteek egindako lehen saiakera. Aurreko urtean ere hartu-emanetan izan ziren bi eragileak, baina ez zuten adostasunik lortu. Batzordeko kideek azaldu dutenez, denbora kontuek eragin zuten adostasun falta hartan. Aurten, ordea, lehenago hasi ziren elkartzen, eta txosna bakarra izateko aukera egiazkoa da.
Denbora kontuez gain, jarrera aldetik ere aldaketak izan direla nabarmendu dute. Negoziaketek luze jotzen zutela ikusita, lehenago hasi ziren batzen. Gainera, aurreko urtean egindako akatsetatik ikasi dute bi eragileek, eta beste borondate batekin elkartu dira hasieratik, aterabide baten bila. Bazenekiten posible zela, ideietako asko ez zirelako horren ezberdinak.
Apirilaren 18an egin zuen lehen bilera Atxabaltako Txosna Batzorde berri eta bateratuak. Nahiz eta data aproposena ez izan, harrera ona izan zuen deialdiak. Eragileen arteko elkarrizketak bide onetik zihoazela ikusita, otsail hasieran jarri zuten lehen bilerarako hitzordua. Espero zena baino jende gehiago joan zen asanblada hartara, eta lanerako borondatea dagoela ikusita jendea pozik irten zen.
Batzordeko kideek lehen bilera haren balorazio positiboa egin dute. Oso ondo joan zen, eta batzorde berriarekin harremanetan hasteko balio izan zuen. Jende mordoa bertaratu zen, eta oso pozik daude alde horretatik. Zein ideiarekin zetozen aurkezteko balio izan zuen, eta beharrezkoenak diren lehen lantaldeak sortzen hasteko. Lan asko dago egiteko, baina oso pozik irten ziren.
Maiatzaren 2an, larunbata, izango da batzorde berriaren bigarren bilera, Karmele Igartua aretoan, 17:00etan hasita. Printzipioz, bi asteko maiztasunarekin elkartuko da batzordea, eta hurrengo bileretan jende gehiago espero dute, lehen bilerara joan ezin izan ziren hainbat gaztek joateko interesa adierazi baitute.
Txosna Batzordea bi eragile horien adostasunetik sortu den arren, norbanakoka funtzionatzearen garrantzia azpimarratu dute hasieratik. Erabaki zen gauzetako bat Txosna Batzordeko asanbladetan erabakiak norbanakoka hartzea izan zen, helburu nagusia eragiletatik at dagoen jende hori etortzea delako. Batzordeko kideek adierazi dutenez, bada jende bat orain arte eragileetara hurbildu ez dena, eta haiei leku bat emateko pentsatu dute onena norbanako modura ibiltzea dela, Txosna Batzordea elkarrekin eraikitzeko.




