Aretxabaletak ere badu ur-txorroten parkea. Markole auzoan prestatu dute hori, eta eguazten arratsaldean zabaldu zuten. Udalaren asmoa zen ekainean zabaltzea, baina, egunotako tenperatura altuak direla eta, aurreratu egin dute irekiera-data. Egunero egongo da irekita, 10:00etatik 22:00etara bitartean, eta txorrotek pultsadore sistema izango dute martxan jartzeko.
Oraingoz irekiera partziala izango dela eman du aditzera Udalak. "Ur-txorroten proiektua erabat bukatuta dago, baina parkea inguratzen duen eremuko belardia ez dugu zabaldu oraindik. Belarra ahul dago, ez da guztiz finkatu oraindik, eta hazten ari da. Gure beldurra zen eremu guztia zabaldu eta belardia hondatzea. Hortaz, momentuz, ur-txorroten parkea zabaldu dugu, eta ekainean, dena guztiz prest dagoenean, zabalduko dugu gune osoa", jakinarazi du Aretxabaletako alkate Gari Iturbek.
Bailarako herri gehienek dute ur-parkea, eta, herritarren eskaerei erantzunez, Aretxabaletan ere jartzea erabaki du Udalak. "Eskari handia zuen gai horrek. Beroaldiak izaten zirenean, aretxabaletarrak inguruko herrietako ur-txorrotetara joaten ziren, baina orain herrian izango dute jolasteko aukera", esan du Iturbek. Gainera, alkateak adierazi du "gune polita" gelditu dela: "Eguzki-begian dagoen gune bat da, onerako eta txarrerako. Etorkizunean, belardiko zuhaitzak hazten direnean, eskertu egingo da gaur egun ez dagoen itzala egotea".
Ur-parkearen irekiera-egunean herritar ugari batu ziren, eta hainbatek nabarmendu zuten bazegoela "halako gune baten beharra, bero handia egiten duen egunetarako".
Txakurrak sartzea debekatuta dago ur-txorroten parkean, segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko helburuarekin, erabiltzaileek baldintza higieniko egokiak izan ditzaten.
Aretxabaletarekin batera, Bergaran ere atzo ireki zituzten Labegaraietako ur-txorrotak, eta 10:00etatik 21:00etara egongo dira erabilgarri aurrerantzean. Arrasateren kasuan, datorren astean zabalduko dituzte ur-parkeak, nahiz eta oposizioan dagoen EAJk eskatu duen aste honetan irekitzea, azken egunetan egiten ari den beroa kontuan hartuta. Oñatin ere, Arrasaterekin batera, datorren astean zabalduko dituzte txorrotak eta Antzuolan, aldiz, ekainaren 8an. Eskoriatzako eta Aramaioko Udalek, azkenik, ez dute erabaki oraindik noiz zabalduko dituzten haien ur-parkeak.
Udako denboraldiari begira jarrita, Arrasaten eta Bergaran ekainaren 12an irekiko dituzte kanpoko igerilekuak; Oñatiri dagokionez, Usakon ekainaren 20tik aurrera egongo da sorospen zerbitzua; eta Eskoriatzan, uztailaren 2an zabalduko dute igerilekua. Kanpoko belardia, aldiz, ekain erdi inguruan.




