Bergarako Udalak eta Debagoieneko mankomunitateak abiatutako Harixa ekimenari bide eman diote. Lau urte lehenago Bergarako Udalak jarri zuen abian ekimen hau, eta orain bailarako enpresa eta eragile gehiagotara zabaldu da. Gaur, Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan, 70 eragilek sinatu dute hiru urterako konpromisoa jasotzen duen hitzarmena.
Hitzarmenak oinarrizko lau konpromiso jasotzen ditu: enpresek HARIXA programarako solaskidea izendatzea eta langileei hitzarmenaren berri zabaltzea; enpresako hizkuntza-egoeraren diagnostiko laburra egitea, talde teknikoak finkatutako ereduaren arabera; hitzarmen kideen arteko harremanetan euskara sustatzea eta gutxienez beste hitzarmenkideen euskarazko idatziak onartzea; eta urterako egitasmoa zehaztea, ekintza berri bat gutxienez jasoz.
Enpresa bakoitzaren egoeraren arabera, bestelako ekimenak ere aipatzen dira hitzarmenean, hala nola Lanbide Heziketako ikasleen egonaldiak euskaraz eskaintzea, langileei euskara ikasi edo praktikatzeko bideak eskaintzea edo hizkuntza irizpideak finkatzea. Entitate sinatzaileek bidelaguntza izango dute konpromisoak lantzeko; Debagoieneko mankomunitateak jarriko ditu behar diren giza baliabideak hitzarmenaren dinamizazioaz eta jarraipenaz arduratzeko.
Harixa komunitatera batu nahi duten eskualdeko enpresa guztietara irekita dago ekimena. Gogoa eta interesa duten enpresek www.harixa.eus webgunetik jar daitezke harremanetan egitasmoaren arduradunekin.




