Kanpaina Debagoieneko zortzi herrietan egingo da: Arrasate, Bergara, Antzuola, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Oñati eta Elgeta. Parte hartzen duten tabernek kanpainaren kartela eta mahai-gainekoa ikusgai izango dituzte, bezeroek euskaraz lasai eska dezaketela jakiteko.
Datu soziolinguistikoen arabera, Debagoieneko biztanleen erdiak baino gehiagok daki euskaraz, eta bost herritan, bi herenek baino gehiagok. Eider Usobiaga Bergarako Udaleko euskara zinegotziak adierazi duenez, «Debagoienean gehienok dakigu euskaraz, baina askotan ez gara erabiltzera ausartzen, edo ohituragatik erdarara jotzen dugu. Tabernak leku aproposak dira joera hori aldatzeko: zuk eskatu euskaraz, ulertuko dizute eta».
Kanpainak irauten duen bitartean, zortzi herrietan, pintxo-pote garaian, bi aktore ibiliko dira tabernetan eta kalean, jendea euskaraz eskatzera animatzen, umorea eta inprobisazioa lagun. Photocall bat ere jarriko dute argazkiak ateratzeko.
Herrietako saioen egutegia honakoa da: Azaroak 19: Arrasate; Azaroak 20: Eskoriatza; Azaroak 22: Elgeta; Azaroak 25: Aretxabaleta; Azaroak 26: Oñati; Azaroak 27: Leintz Gatzaga; Abenduak 3: Bergara; Abenduak 10: Antzuola.
Kanpainan parte hartzen duten herritarren artean sariak zozkatuko dira: 400 euroko asteburu-pasa edo esperientzia bat eta 30 euroko 10 kontsumo-bonu. Bonuak 2027ko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira kanpainari atxikitako tabernetan. Zozketa abenduaren 18an egingo da.




