Aretxabaletako Gazteleku zerbitzuak hirugarren urtez jarraian parte hartu du Erasmus+ programaren barruan antolatzen den nazioarteko nesken topaketan. Urriaren 11ko Nesken Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Alemaniako Wiesbaden udalerriak sustatutako ekimen honek hainbat herrialdetako neskak elkartzen ditu, beraien errealitateak partekatzeko eta genero berdintasunaren inguruan hausnartzeko.
Aurten, ekimena Euskal Herrian egin da, Zarautzen, eta bertan elkartu dira Turkia, Alemania, Polonia, Palestina eta Aretxabaletako neska gazteak. Topaketa urriaren 10ean hasi zen eta hilaren 17ra arte luzatuko da, gazteen arteko kulturartekotasuna eta nazioarteko harremanak sustatuz.
Gaur, urriaren 13an, parte-hartzaileek Aretxabaleta bisitatu dute. Goizean Urkuluko ingurunea eta herriko hainbat txoko ezagutu ondoren, eguerdian harrera instituzionala egin zaie Udaletxean. Bertan izan dira Gari Iturbe, Aretxabaletako Udaleko alkatea, eta Ainhoa Sanchez, gazteria eta berdintasun zinegotzia.
Arratsaldean, 16:30ean, TRIL Txoko Feministan ahalduntze tailerrean parte hartuko dute. Aretxabaletako Udalak balioan jarri du mota honetako programek nesken garapen pertsonalean eta kulturartekotasunean duten ekarpena.




