Morkaiko mendi elkarteak Elgoibar reko herritarrei zuzendutako oinarrizko mekanika tailerrean parte hartzera gonbidatu ditu. Ekainaren 3an izango da, 18:00etan hasita, elkartearen egoitzan, Iñiguez de Karkizano kaleko 9. zenbakiko beheko solairuan. Jardunaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gorabehera.
Tailerrean izena ematea doakoa da, eta ekainaren 1era arte egiteko aukera dago, morkaiko.eus webgunean eskuragarri dagoen esteka baten bidez. Antolatzaileek azaldu dutenez, bertaratzen direnek bizikleten mantentze lanak (garbiketa, koipeztapena...) eta doikuntzak zein konponketa mekaniko oinarrizkoak (aldaketak, balaztak, transmisioa...) modu teorikoan zein praktikoan ikasiko dituzte.
Morkaiko-tik bertaratuko direnei beren bizikleta propioa ekartzea gomendatzen diete, tailerrean bertan praktikatu ahal izateko.




