Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak irabazi du Ermua Hiria literatur lehiaketaren 32. edizioan euskarazko poesia ataleko saria, 'Gogeten hari-muturrak' lanari esker. Horrenbestez, 500 euroko diru-saria jasoko du.
Aurtengo ediziora guztira hamalau poesia lan aurkeztu dira euskaraz. Lan horiek baloratzeko ardura izan duen epaimahaia honakoek osatu dute: Fernando Aranberri (Ermuako Udaleko euskara teknikaria), Ainhoa Onaindia eta Amaia Rementeria (IES Ermua BHIko irakasleak) eta Sara Gago (Udal Liburutegiko langilea).
Ermuako Udalak antolatutako lehiaketak euskarazko zein gaztelaniazko narratiba eta poesia lanak saritzen ditu. Aurten ere hala izan da, eta guztira 214 kontakizun (200 gaztelaniaz eta 14 euskaraz) eta 181 poesia lan (167 gaztelaniaz eta 14 euskaraz) jaso dira.




