Elgoibarko Aita Agirre kulturgunea jantzi zen ostegun arratsaldean ekitaldi berezi baterako, euskara-tertuliak ospatzeko. Duela 25 urte sortu zen programa hau, Elgoibarko Udaleko Euskara sailaren, Elgoibarko Izarra elkartearen eta herriko bi euskaltegiren eskutik. Ekimenak garrantzi handia izan du herritar askoren euskalduntze prozesuan.
Ekitaldiaren helburuak bi ziren: batetik, Elgoibarren euskara sustatzeko programak izan duen laguntza nabarmendu eta, bestetik, bertan parte hartu duten pertsonen lana eskertzea. 'Tertuliak' programaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldira ia 70 elgoibartar inguru bertaratu ziren, azken laurden mendean ekimenean modu batera edo bestera parte hartu dutenak.
Ospakizuna proiektuaren xehetasunak eta lekukotasun batzuk bildu zituen bideo baten proiekzioarekin hasi zen.
Ondoren, parte-hartzaile bi hartu zuten hitza programak eman diena azaltzeko, eta beste bik beraien esperientziak kontatu zituzten bertsotan.
Jarraian, programaren sustatzaile diren erakundeetako ordezkariek oparitxo batzuk banatu zizkieten tertuliakideei, egindako lanagatik eskerrak emateko. Azkenik, ekitaldia kantuarekin eta txiki-lunch batekin amaitu zen.




