Sei proposamen aztertu ondoren, Elgoibarko Udalak Elecnor enpresari esleitu dizkio Mintxetako kirol instalazioetako gimnasioa hobetzeko lanak. Proiektu honek 221.518 euroko inbertsioa suposatuko du, BEZa barne, eta Udalak eta Danobatgroup enpresak finantzatuko dute erdi bana.
Obrak ekainaren 22aren inguruan hastea aurreikusten da, eta esleipendun enpresak bi hilabeteko epea izango du lanak burutzeko. Udalaren helburua da gimnasioa udako hilabeteetan handitu eta berritzea, irailean, ikastaro denboraldi berria hasten denean, prest egon dadin.
“"Ezustekorik sortzen ez bada, obrak ekainaren 22aren inguruan has daitezke."
Gimnasioaren hobekuntzaz gain, Udalak beste 20.000 euroko partida bat gaitu du Mintxetako kirol instalazioetan, udako denboraldi honetan, bi padel pistetako zoladura eta argiztapen sistema berritzeko.




