Elgoibarko Udala k “Loratzen” marka berria aurkeztu du, nerabeen eta gazteen ongizate emozionalaren aldeko ekimen guztiak bilduko dituena. Marka honek ez du zerbitzu isolatu bat izateko helburua, baizik eta Udalak arlo honetan egingo duen lanaren ikur eta gidari izatekoa, nerabeen ongizate emozionalaren aldeko konpromiso iraunkor eta antolatuaren adierazgarri gisa.
Loratzen proiektua, aurreko urteetan Elhuyar eta DanobatGroupe kin batera egindako “Zurrunbiloa” ikerketaren eta lanketa komunitarioaren ondorio zuzena da. Azterketa horrek Elgoibarko nerabeen ongizate emozionalaren egoera aztertu zuen, eta maiatzean emaitzak herriko eragile guztiei aurkeztu ondoren, Udalak nondik norakoak lantzen jardun du. “Zurrunbiloa”ren ostean datorrena aztertu eta nerabeen ongizate emozionalaren erronkari erantzun egoki bat emateko moduak landu ditu Udalak.
Loratzen hiru ekimen berrirekin abiatzen du bere ibilbidea. Lehenengoa, soilik Udalak eskaintzen duena, Loratzen Aholkularitza Psikologikoa da, nerabeei eta gazteei zuzendutako laguntza psikologiko zerbitzua. Bigarren ekimena, Elhuyar rekin batera eta “Zurrunbiloa”ren ildotik, CD Elgoibar futbol klubarekin elkarlanean gauzatuko da; izan ere, azterketak erakutsi zuen kirola eta ongizate emozionala lotuta daudela. Hirugarren ekimena, hau ere “Zurrunbiloa”ren baitan eta Elhuyarrekin batera, formakuntza saioak eskaintzea izango da, nerabeen inguruko ongizate emozionalean inplikatuta dauden pertsonei zuzenduta.
Maialen Gurrutxaga alkateak azpimarratu du Loratzen herri osoaren artean egin beharreko lanaren emaitza dela: “Zurrunbiloa azterketa egin genuenean argi ikusi genuen ezin genuela nerabeen ongizate emozionalaren esparrua alde batera utzi, eta Loratzen horren aldeko apustuaren adierazpena da. Ongizate emozionala erronka komunitarioa da, eta erantzuna ere komunitate osoaren artean eraiki behar da. Udalak dagokion zeregina hartzen du bere gain, gida eta laguntza gisa, baina badaki eragile guztien inplikazioa ezinbestekoa dela. Horregatik, azken bi urteetan egindako prozesu guztia hasieratik elkarlanean eraiki da: udalerriko hainbat eragilek parte hartu dute, Elhuyar eta DanobatGroupekin batera. Gure lana hori guztia posible egitea da, bidea erraztea eta laguntza eskaintzea.”
Elgoibarko Udalak Loratzenen bilakaeraren berri ematen jarraituko du. Datozen asteetan, banan-banan, abian jarriko diren hiru programak aurkeztuko dira zehatz-mehatz: Loratzen Aholkularitza Psikologikoari buruzko informazioa, Elgoibar CDarekin egindako lana eta prestakuntzari buruzko xehetasunak. Gainera, nerabeen eta gazteen ongizate emozionalaren alde egiten diren urrats eta ekimen guztien berri emango da, Loratzen bizirik eta etengabe hazten jarraitzeko konpromisoaren adierazgarri.




