Ekimen hau, Debako aurrekontu parte-hartzaileen bidez sortua, urte osoan zehar kultur eskaintza jarraitua eta askotarikoa bermatzeko helburuarekin jaio zen. Programazioa apirilaren 18an hasiko da Imanol Epelde artistaren emanaldiarekin, eta hurrengo egunean, apirilaren 19an, “Kay Robot” haurrentzako ikuskizunarekin jarraituko du. Ondoren, maiatzaren 9an, Maider Cigarroa ren musika emanaldia izango da, eta maiatzaren 10ean, “Txan Fantasma” txotxongilo ikuskizuna.
Programazioak bi atal nagusi ditu: bata 12 urtetik gorakoentzat, formatu garaikideak eta musika ardatz hartuta; eta bestea, familia osoarentzat pentsatutako proposamenekin, 12 urtetik beherako haurrei zuzenduta. Lau emanaldiak Agirre jauregiko Ispiluen Aretoan izango dira.
Imanol Epelde k apirilaren 18an emango dio hasiera zikloari, arratsaldeko 18:00etan, “Zerbait sartu zait begian” performancearekin. Ikuskizun honek spoken word, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen ditu, gaurkotasuneko gaiak umorez eta hausnarketarako gonbidapenarekin jorratzeko. Bizitza erritmoa, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa etengabea eta maskulinitatea bezalako gaiak landuko ditu.
Maider Cigarroa labortar artistak maiatzaren 9an hartuko du Ispiluen Aretoa, 12 urtetik gorako ikusleentzat. Haizean eta Hiru Soinu taldeetako kide izandakoak pop soinuetan oinarritutako musika errepertorioa eskainiko du.
Txikienek ere izango dute beren lekua Ispilu(h)ari ekimenean. Apirilaren 19an, 17:30ean, Ameztu Antzerkiaren “Kay Robot” txotxongilo ikuskizuna (6 urtetik gorakoentzat gomendatua) eskainiko da. Obra honek, umorez, gizakien eta teknologiaren arteko harremana aztertzen du, makinen matxinada baten bidez. Maiatzaren 10ean, Pantzart konpainiaren “Txan fantasma” (5 urtetik gorakoentzat gomendatua) txotxongilo ikuskizuna izango da. Karmentxu izeneko neska baten istorioa kontatzen du, irudimen desbordatuari esker bere unibertso propioa sortzen duena, afektu falta, lagun irudikariak eta “desberdin” etiketatuak diren haurren integrazioa bezalako gaiak jorratuz.




