Gabiriako jaiak hasiera eman zioten atzo arratsaldean, Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea ‘Pello’ bikoteak irakurri zuen pregoiarekin. Udala eta herritarrak astelehen gauera arte luzatuko diren ospakizunetan murgildu dira. Jai giroa sustatzeko, autobus zerbitzu berezia jarri dute martxan gaur, bihar eta etzi.
Aurtengo pregoia irakurtzeko ardura, urte luzez Aztiriako erretegiaren jabe izan diren Deba eta Goikoetxea bikoteak izan du. Endika Igartzabal alkateak erretegian eskainitako tratu ona, goxotasuna eta zerbitzua nabarmendu zituen, baita auzoko ekitaldietan laguntzeko izan duten prestutasuna ere. Bikoteak, berriz, ilusioz, esker onez eta urduritasunez hartu zuen ohorea, garai bateko oroitzapenak gogora ekarriz, besteak beste, Maria Jesusek Ostatuan egindako lan urteak.
Pregoiaren ondoren, txupina bota eta buruhandiak atera ziren plazara, goizaldera arte luzatu zen festa giroari hasiera emateko. Herritarrak afarian elkartu ziren, eta ondoren Puntukakotx elektrotxarangak alaitu zuen gaua.
Gaurko eguna ere ekitaldiz betea dator. Gaueko festa giroari begira, autobus zerbitzuak inguruko herriekin lotuko du Gabiria, baita hurrengo bi egunetan ere.
Autobus zerbitzu bereziak Legazpitik 18:00etan, 20:15ean eta 22:20an aterako dira, Urola kaletik eta Zumarragako tren geltokitik, baita Ezkioko Alegi auzotik ere. Itzulerakoak Gabiriatik irtengo dira 19:45ean, 21:50ean, 00:00etan, 02:00etan eta 05:00etan.
Ordiziatik, berriz, Garagartzatik aterako dira autobusak 19:15ean eta 21:30ean, eta Beasainen tren geltokian eta Ormaiztegiko erdigunean geratuko dira. Gabiriatik 18:45ean, 21:00etan, 01:00ean, 03:00etan eta 04:30ean aterako dira.
Gaurko egitarauak 13:00etan herri kirol apustua, 18:30ean bertso saioa Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Xabat Illarregi, Maddi Agirre eta Aratz Igartzabalekin, eta 23:00etan kontzertua Aramu, Maskak eta DJ Nazarekin.




