SD Eibar Fundazioak sustatutako egitasmo honek kirola, euskara eta tokiko identitatea uztartzen ditu eskualdeko gazteen artean. Aurtengo edizioan hamaika ikastetxek hartu dute parte, eta Urkizu Ikastetxea bigarren postuan geratu da.
Lehiaketaren baitan, ikasleek Ipurua estadioa bisitatu dute, klubaren historia ezagutzeko eta Euskararen Baloia ipuinaren bidez hizkuntzaren sustapenean murgiltzeko. Bisita horietan, lehen taldeko jokalariekin harremanetan jartzeko aukera izan dute.
Sari gisa, irabazleek Areition entrenamendu bat ikusteko aukera izan zuten, klubaren autobus ofizialean bidaiatuz. Epaimahaiak proiektuen originaltasuna, hizkuntzaren erabilera eta talde-lana baloratu ditu, besteak beste.




