Zaraobe Institutua Europan zehar zabaltzen ari da Erasmus+ programari esker

Amurrioko ikastetxeak nazioarteko hezkuntza-proiektuetan parte hartzen du, ikasleei atzerrian ikasteko eta lan egiteko aukerak eskainiz.

Irudi generikoa ikasle truke programa batean.
IA

Irudi generikoa ikasle truke programa batean.

Amurrioko Zaraobe Institutua Europako herrialdeekin harremanak sendotzen ari da Erasmus+ programaren bidez, ikasleei atzerrian ikasketak eta lan-praktikak egiteko aukerak eskainiz.

Zaraobe Institutuak, azken ikasturteetako dinamikari jarraiki, Europako herrialdeekin zubiak eraiki ditu berriro ere Erasmus+ programaren bitartez. Aurten, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako dozenaka ikaslek izan dute atzerrian ikasketak garatzeko aukera paregabea.
Aurten, DBH eta Batxilergoko 53 ikasle eta 8 irakasle batu dira mugikortasun programetara, memoria historikoa ardatz hartuta. Talde desberdinetan, Italiako Bassano del Grappa eta Frantziako Lezignan hiriak bisitatu dituzte. Amurrioko ikastetxeak, gainera, astebetez hartu ditu bi herrialde horietako ikasleak, Zaraobeko hezkuntza komunitateak "beso zabalik" hartu zituztela azalduz. Euren egonaldian, Gernika, Gaztelugatxe, Bilbo eta Donostia bisitatu zituzten, eta Gernikako bonbardaketa, Espainiako trantsizio demokratikoa eta demokrazia garaietako gertaerak ezagutzeko aukera izan dute.
Herrialdeen arteko elkartrukeen segidan, Polonia dute hurrengo helmuga Zaraobeko ikasleek. Ekainaren 14an bidaiatuko dute bertara, eta astebeteko egonaldia egingo dute Katowiceko institutuko ikasleekin. Bertan, Auschwitz eta Krakovia bisitatuko dituzte, irakasleen esanetan "sekula ahaztuko ez duten bisita" izango dena.
Ikasleen elkartrukeaz gain, DBHko bi irakasle Txekiar Errepublikako Brno hirian izan dira Erasmus+ programari esker, "bertako hezkuntza sistemaz ikasi eta Zaraobekoa hobetzeko asmoarekin".
Lanbide Heziketako ikasleek ere izan dute mugikortasun programa hauetaz baliatzeko aukera. Azken ikasturteetan, 16 ikaslek Europako hainbat herrialdetara bidaiatu dute praktikak egitera, "prestakuntza, lan-esperientzia eta hazkunde pertsonala uztartuz". Italia, Portugal, Danimarka, Finlandia, Alemania, Herbehereak, Bulgaria, Irlanda eta Polonia dira Zaraobeko ikasleek ezagutu dituzten tokietako batzuk.
Aurtengo ikasturtean, esaterako, Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arretako Goi-mailako zikloko ikasleak Dinamarkako Fanø uhartean izan dira lehen urteko praktikak egiten. Goi-mailako zikloetako ikasleez gain, Lanbide-Heziketako gainerako zikloetako ikasleak ere nazioarteko egonaldietan parte hartu dute, Finlandia, Bulgaria, Italia, Danimarka eta Portugal bezalako herrialdeetan.
Lisboan praktikak egin dituzten ikasleek oso positiboki baloratu dute esperientzia: "Arlo profesionalean, ikasketa akademikoetan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko eta sendotzeko aukera izan dugu. Alde pertsonalean, esperientzia hau erronka handi bat izan da eta horrek heltzeko aukera eman digu. Lisboa gure bihotzean egongo da beti: une ahaztezinak, lagun berriak eta heldutasuna oparitu dizkigu".
Finlandian lan-prestakuntza garatu duten Zaraobe Institutuko Gizarteratze Zikloko ikasleek ere esperientzia "izugarria" izan dela adierazi dute: "Sistema erabat desberdin batek nola funtzionatzen duen ikusi dugu eta bertako jendeak etxean bezala sentiarazi gaitu. Esperientzia ahaztezina izan da."
Italian mekanizazio praktikak egin dituzten aiaraldearrek ikasketa prozesua "oso egokitzat" jo dute, fabrikazio-teknika berriak ikasi eta nazioarteko ekoizpen prozesuak hobeto ulertzeko: "esperientzia oso aberasgarria izan da, pertsonalki zein profesionalki hazteko aukera eman diguna."
Amurrioko zentroak jaso dituen nazioarteko ikasleak ere ugariak izan dira. Aurtengo ikasturtean, Dinamarkako ikasleak izan dira Zaraobe Institutuan, eta Arespalditzako Alday nagusien egoitzan egin dituzte praktikak.
Ikastetxeko lan-taldeak aldarrikatu du nazioarteko mugikortasun programak "esperientziak bizitzea, haztea, norberarengan konfiantza irabaztea eta mundura irekitzea" direla. "Aiaraldea bezalako eskualde batean, non Lanbide Heziketak lotura estua duen inguruko industria eta gizarte sarearekin, Erasmus+ bezalako programek ikasleei aukera ematen diete etorkizuna zabaltzeko beraien sustraiak galdu gabe. Amurrioko eta eskualde osoko gazteek hemen ikasi eta, aldi berean, Europa ezagutzeko, beste lan egiteko modu batzuk ikusteko eta gero eta nazioartekoagoa den lan merkaturako prestatzeko aukera izaten dute."