Urduña Herri Eskolako Guraso Elkarteak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari Eusko Jaurlaritzak kendu nahi duela 2018an abian jarritako jantoki eredua. Hezkuntza komunitatea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egon zen atzo, eta bertan atera zen ondorio nagusia izan zen Jaurlaritzak kudeaketa eredu berria ezarriko duela etorkizunean.
Guraso Elkarteak 2005etik aurrera egindako lana aldarrikatu zuen Legebiltzarrean, eta egungo ziurgabetasunari aurre egiteko neurriak eskatu zituen. Proiektu pilotu gisa ari dira lanean 2018tik. PPk, PSE-EEk eta EH Bilduk eskertu egin zuten eskolako eragileek eta Udalak egindako lana, eta EAJk ere babesa adierazi zuen. Hala ere, Alazne Arana jeltzaleak aurreratu zuen etorkizunean, Hezkuntza Sailburuak iragarritako sukaldea eraikitzen denean, kudeaketa eredua aldatuko dutela, "sukalde propio in situ eta bertikala" ezartzeko.
Aranak argudiatu zuen modu horretan proiektua Eusko Jaurlaritzako parametroetan integratuko dutela, egonkortasun juridikoa bermatuko dutela eta beste hiru irizpide beteko dituztela: "Ikastetxe guztientzako ekitatea, finantza jasangarritasuna eta segurtasun juridikoa". Gainera, Guraso Elkarteari lan zama kenduko diotela gaineratu zuen.
Eba Colomino Guraso Elkarteko kideak erantzun zion Aranari Legebiltzarrean bertan, eta aitortu zuen Jaurlaritzak urratsak eman dituela Urduñako irizpideen bidean (tokiko ekoizpena, agroekologia, gertuko hornitzaileak...), baina lizitazioan enpresei jarritako pleguak urrun daudela euren praktikotatik.
Eztabaida ez atsegina izan zen, Alazne Aranak leporatu baitzion eskolari EH Bilduren gidoi politikoa jarraitzea eta ikastetxearen izen ona arriskuan jartzea. Eunate Arbizu zuzendariak argitu zuen hezkuntza komunitateak ez zuela mozioa aurkezteko gogorik, baina Sailak ez zizkielako galderak erantzuten eta komunikazio falta zegoelako hartu behar izan zutela bide hori. Zuzendariak nabarmendu zuen iaz sukalde berria eraikiko zutela iragarri zenean, eskolan inork ez zekiela ezer, eta bilera bat eskertuko zukeela aurretik informazioa jasotzeko.
Aurrez ikusitakoaren arabera, 2027-2028 ikasturtean indarrean egongo litzateke kudeaketa eredu berria. Horren aurrean, Guraso Elkarteak iragarri du aldarrikapen eta mobilizazio zikloa abiatuko dutela irailatik aurrera, egungo jantoki ereduaren ezaugarriak bermatzen ez badira. Egoera hau ez da berria urduñarrentzat, egungo eredua eskuratzeko protestak antolatu baitzituzten lehenago.
Eusko Legebiltzarrean egon baino lehen, Urduñako udalbatzak aho batez onartu zuen hezkuntza komunitateak proposatutako testua. EAJk eta EH Bilduk bost punturen alde bozkatu zuten: Urduñako eskola-jangelaren eta udal sukaldearen ereduaren aitortza instituzionala; ereduaren defentsa eta sendotzea; hezkuntza-komunitatearen parte-hartze erreala etorkizuneko erabakietan; Jaurlaritzari proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duen marko egonkor bat ezartzeko eskatzea; eta udalaren konpromisoa proiektua babesteko.




