Tubos Reunidoseko zuzendaritza eta langile batzordea bildu dira Amurrion

Bilera tentsio giroan hasi da, grebalariek zuzendaritzari harrera berezia egin ostean, eta hurrengo 24 orduak erabakigarriak izango dira.

Tubos Reunidoseko langileek zuzendaritzari jarritako alfonbra gorria, protestaren irudi gisa.
IA

Tubos Reunidoseko langileek zuzendaritzari jarritako alfonbra gorria, protestaren irudi gisa.

Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko bilera hasi da Amurrioko lantegian, grebalarien protesta giroan, eta datozen orduak funtsezkoak izango dira gatazkaren etorkizunerako.

Goizeko 10:30ean hasi da bilera, eta ordubete lehenago iritsi dira multinazionaleko arduradunak fabrikara. Autobus batean eta Ertzaintzaren babespean sartu dira, greban dauden langileek zubian jarritako alfonbra gorri baten gainetik igaroz, oihu eta txistu artean.
Datozen 24 orduak bereziki garrantzitsuak izango dira Tubos Reunidoseko grebaren bilakaeran. Izan ere, bihar goizeko bederatzietarako grebari buruzko batzarra eta bozketa deitu dituzte toki berean, langileen erabakiaren zain.