Vocento taldeak argitaratu duenez, PKF Attest izango da Tubos Reunidos enpresaren hartzekodunen konkurtsoaren administratzailea. Aholkularitza eta auditoretza zerbitzuetan espezializatutako konpainia honek 80 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2025ean.
Enpresak esperientzia du antzeko prozesuetan, Sestaoko La Naval ontziolaren likidazioa eta Mazacruz taldearen likidazioa kudeatu baitzituen 2024an. Azken kasu horretan, 615 milioi eurotan baloratutako negozioak barne hartzen zituen, eta prozedura familiako kideen arteko desadostasunengatik hasi zen.
“"Komunikazioa jaso dugu epaitegira joateko maiatzaren 26an administrariarekin eta enpresarekin. Edonola ere, eurei ez diete zehaztu administrari konkurtsalaren ardurak nork hartuko dituen."
Albisteak ezustean harrapatu ditu sindikatuak, eta Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, maiatzaren 26an epaitegira joateko deia jaso dute, administratzailearekin eta enpresarekin biltzeko. Hala ere, ez zaie zehaztu nork hartuko dituen konkurtso administratzailearen ardurak.
Iturri sindikalek azpimarratu dute hiru aldeen arteko bilera hori oso garrantzitsua izango dela, bertan jakinaraziko baita espedienteak aurrera egingo duen, atzera botako den edo bestelako neurriak proposatuko diren. Era berean, greba deitu duten sindikatuek adierazi dute enpresak gaur ordaindu dituen autobusetan langile gutxi joan direla fabrikara, eta lan egitera joan direnak bulegokoak direla, gehienak multinazionaleko egiturakoak.




