Orbea Gravel Aiaraldea bizikleta martxa berria aurkeztu zuten joan den maiatzaren 28an, luxuzko gonbidatuekin. Ekainaren 6an Amurrion ospatuko den kirol probak, Orbea Gravel Rioja Alavesa eta Orbea Monegros proba entzutesunen lekukoa hartuko du, Arabako Txakolina ardatz hartuta.
Izaskun Bengoa eta Haimar Zubledia txirrindulari profesional ohiak izan ziren ekimenaren enbaxadore lanetan, Amurrioko Refor enpresaldean egindako aurkezpen ekitaldian. Bertan zehaztu zituzten probaren nondik norakoak.
Antolatzaileek bi ibilbide proposatu dituzte eskualdeko natur-inguruneak ezagutzeko. Ibilbide laburrak 57 kilometroko luzera eta 1.400 metroko desnibela izango ditu. Proba luzean, berriz, 90 kilometro eta 2.100 metroko desnibela gainditu beharko dute kirolariek.
“"Orbea Gravel Aiaraldea aukera bat da gure lurraldea zikloturismoaren esparruan erreferentziazko helmuga gisa kokatzen jarraitzeko, kirola, jasangarritasuna eta kultura sustapena uztartzen dituen garapen eredu baten alde eginez. Horrelako ekimenek bisitariak erakartzeaz gain, jarduera ekonomikoa sortzen, tokiko nortasuna indartzen eta gure eskualdeak dinamizatzen laguntzen dute."
Orbeak "premiun esperientzia" gisa definitu du hitzordua, eta hori dela eta, dortsal kopuru mugatua jarri dute eskuragarri: 500 guztira. Izen-emate epea abenduan ireki eta maiatzaren 25ean itxi zuten.
Ekainaren 6koa ez da bizikleta martxa soil batera mugatuko. Aurreko egunean, ekainak 5, jarduerak hasiko dituzte Amurrioko erdigunean. Irekiera ekitaldi ofiziala eta dortsal banaketaz gain, herri kirol erakustaldia eta zuzeneko musika ere izango dira. Larunbatean, gainera, Putxeren Euskadiko egungo txapeldunak prestatutako eltzeko babarrunak dastatzeko aukera egongo da.




