Joan den astean jakinarazi zuen Hezkuntza Sailak Laudio Goikoa zentroa ixteko asmoa. Aintzane Arrese Hezkuntzako Arabako ordezkariak eman zien erabakiaren berri zentroko hezkuntza komunitateari, eraikinaren birgaitzeak bi milioi euroko inbertsioa eskatzen duela argudiatuta. Horrenbestez, datorren ikasturtetik aurrera lekualdatu egin beharko dituzte Laudio Goikoan elkartzen diren Zereginen Ikaskuntzarako Gelako 18 ikasle eta Estetika eta Pelukeriako Lanbide Heziketako zikloak.
Erabaki honek kezka eta haserrea piztu du Laudioko eta Aiaraldeko hezkuntza komunitatean, eta mobilizazioei ekin diete. Astelehenean Laudioko Udal Osoko Bilkurara eraman zituzten aldarrikapenak, eta gaur, berriz, Laudioko Herriko Plazan egin dute elkarretaratzea.
Hezkuntza Sailaren asmo zehatzak ez jakiteak sortu du samina. Laudio Goikoko ikasleak Laudio Institutuan jarritako barrakoietan batzeko aukerari ezezko borobila adierazi diote gaurko elkarretaratzean. Alternatiba horren aurrean, hezkuntza komunitateko kideek Laudio Institutua masifikatuta dagoela salatu dute, eta ZIG gelako ikasleen beharrak aintzat hartzeko eskatu dute. Horren harira, asteleheneko Udal Osoko Bilkuran ZIG gelako gurasoek sinatutako gutuna irakurri dute gaur ere Herriko Plazan.
“"Ez dugu barrakoirik nahi! Hezkuntza komunitatearen beharrak kontuan izango dituen soluzioa nahi dugu! Benetako inbertsioa nahi dugu!"
Hezkuntza Publikoaren aldeko defentsan berretsi dira, eta mobilizatzeko deia luzatu diete Aiaraldeko gainerako bizilagunei. Bihar dira biltzekoak Hezkuntza Sailarekin, eta ohartarazpena luzatu dute: "Aipatutako norabidean doazen soluzioak mahai gainean jarri ezean, borrokan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu".




