Elkarretaratzearen helburu nagusia Zaballako espetxean hil berri den Laudioko gazte baten heriotza salatzea da. Elkarteek adierazi dutenez, azkenaldian "Hego Euskal Herriko espetxe ezberdinetan gertakari bereziki larriak jazo dira", besteak beste, hiru preso hil dira: bi gazte Zaballan eta Iruñean 80 urteko pertsona bat.
Elkarteen ustez, arazoaren muina preso gehienek patologia duala dutela da, hau da, buru osasun eta menpekotasun arazoak batera pairatzen dituztela. Aiaraldea Komunikabideak galdetu zion Salhaketari ea Laudioko gaztearen kasuan ere hori zen egoera, baina elkarteak ez du daturik hori ziurtatzeko. Hala ere, egoera orokorrari arreta jartzeko eskatu dute, presoen %70ak patologia duala duela azpimarratuz.
Espetxe sistema de facto funtzionatzen ari da existitzen ez diren edo nahikoak ez diren osasun eta gizarte bitartekoen ordezko baliabide gisa.
Elkarteek azpimarratu dute azken hilabeteetan gertatutako heriotzak ez direla kasu isolatuak, baizik eta egiturazko arazo bat azaleratzen dutela. Hori dela eta, Arartekoari esku hartzeko eskatu diote, gertaerak ikertu, patologia duala duten presoen egoera ebaluatu eta drogarik gabeko ingurune batean arreta integrala eta jarraitua bermatzeko premiazko neurriak sustatzeko.




