Maria Francisca Mas Rierak eskalada ikuspegi feministatik aztertzen du bere azken ikerketan, Gasteizko Udalak sustaturiko lehiaketa irabazi ostean. Aurretik, Escalantes, Ingrávidas eta Maternidades Escalantes bezalako argitalpenak kaleratu ditu, eta gaiari lotutako tailer ez-mistoak ere eskaini ditu Gorlizen edota Zarautzen.
Mas Rierak tailer ez-mistoetan bizitakoa aztertu du bere ikerketan. "Banuen gogoa bertan bizitakoak ikerketa batean islatzeko", adierazi du ikertzaileak. Gasteizko lehiaketara ideia honekin aurkeztu zen eta irabazi egin zuen, horrek azterketarekin aurrera egiteko baliabideak eskaini dizkiolarik.
Ikerketak Orbekon garatu dira, nahiz eta hasierako asmoa Gasteizko hiru rokodromo publikoetako batean egitea zen. Berdintasun Sailaren eta Kirol Sailaren arteko desadostasunak tarteko, ezinezkoa izan da hiriburuan garatzea, Kirol Sailak oztopoak jarri baitizkio lanari.
Ikerketarako parte-hartzaileak biltzea izan zuen Mas Rierak lehendabiziko eginkizuna. 18 urtetik gorako arabarrak bildu ditu, emakumeak eta ez-bitar bat, eta bederatzi laguneko taldea osatu da, nahiz eta askoz gehiagok interesa erakutsi duten. "Nabaritu nuen bazegoela interesa horrelako zerbaitetan murgiltzeko", azaldu du.
Parte-hartzaileek pseudonimo bana erabili dute: Ane, Cora, Harri, Sunflower, Nerea, Veleta, Juantxi, Renatoru eta Ortiga. Esperientzia Ikerketa Ekintza Parte-hartzaile gisa definitu da, non ikertzailea taldeko kide bat gehiago den, posizio horizontal batetik lan eginez.
“"Esperientzia honi esker ulertu dut beharrezkoak direla espazio ez-mistoak."
Bost astez luzatu da ikerketa, astero Orbeko Etxeko boulderrean elkartuz. Eskaladaren alderdi fisikoa eta hausnarketa uztartu dituzte, kirolean dauden biolentziak, gorputz aniztasuna eta intersekzionalitatea bezalako gaiak jorratuz.
Mas Rierak baieztatu du eskalada eraldaketarako tresna dela eta taldeak komunitate txiki bat sortu duela. Parte-hartzaileek eskalatzen jarraitu dute ikerketa amaituta ere. "Batasun sentsazioa izugarria izan da, eta batez ere ez gara epaituak sentitu", adierazi du Veletak.
"Kirol praktika batean espazio hurbil eta atseginean hastea funtsezkoa da norberaren garapenerako, batez ere normara egokitzen ez garen horientzako", azpimarratu du Mas Rierak.
Mas Rierak bost urte daramatza eskalada ikuspegi feministatik aztertzen. "Eskaladan emakumeok pairatzen ditugun biolentzien eta diskriminazioen erradiografia eskaintzen zuen Escalantes liburuak. Egoera guzti horien aurrean egin dezakeguna atera dugu argitara ikerketa honekin", dio.
Identitateari eta arriskuari dagokionez, Mas Rierak sokakide egokiak aukeratzearen garrantzia azpimarratu du, eta eskalada plazeretik eta jolasetik bizitzera animatu du, praktika fisiko oro kirolaren prismatik ez begiratzeko deia eginez.
Sortutako harremana, talde kohesioa eta komunitate sentsazioa nabarmendu dituzte parte-hartzaileek. Horren isla dira iragan maiatzaren 17an Orbekon ospatutako I. Kirol Elkartasun Topaketak, ikerketa taldean batutako lagunek antolaturikoak.




