Aiaraldean bost gorroto-gertakari erregistratu zituen Ertzaintzak 2025ean, aurreko urtean baino bi gehiago. Laudion bi kasu eta Amurrion bat izan ziren 2024an. Txosten berriaren arabera, salatutako gertakari kopuruak gora egin du eskualdean, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) joera orokorra kontrakoa izan den, %18ko jaitsierarekin.
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak, aurkeztu zuen dokumentua Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Ikerketak EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren laguntza izan du. Txostenak 193 kasu biltzen ditu EAE mailan, baina datuak "kontu handiz" interpretatu behar direla ohartarazi du, Ertzaintzaren eskuetara iristen diren kasuak baino ez baitira islatzen.
Eskualdean gorakada nabarmena izan arren, EAEko datuek hiru urtez mantendu duten beheranzko joera erakusten dute, 2022an 435 gertakari erregistratu ondoren. Ikerketaren egileek adierazi dute "salaketan (infrasalaketa) eta erregistroan emandako aldaketak" egon daitezkeela beherakadaren atzean, baita "biktima askoren administrazio-egoera irregularra, baliabide ekonomikoen falta, prozeduraren ezagutza eskasa, indarkeriaren kulturaren normalizazioa, sistema judizialarekiko eta polizialarekiko konfiantza txikia eta erasotzaileen edo agintarien errepresalien beldurra" ere.
Arrazakeria eta xenofobia izan ziren nagusi EAEko gertakarien %56an (108 kasu). Orientazio sexualari lotutakoak 40 izan ziren, eta ideologiari lotutakoak 18. Lesioak eta mehatxuak izan ziren delitu tipologia ohikoenak, 63 eta 40 kasurekin, hurrenez hurren. Guztira, 284 pertsona ikertu zituzten eta 9 atxilotu.
Txostenak ez du zehazten Aiaraldean erregistratutako gertakariak zein motatakoak izan ziren. Hala ere, Artziniegan jazotako kasu bat publikoa egin zen: iazko uztailean, familia magrebtar batek irain arrazista eta xenofoboak jaso zituen Frontoiko plazan, eta "ekintzezko tratu txarragatik" ere salaketa jarri zen.
Aiaraldean, 2020an erregistratu zen gertakari kopuru handiena, zazpi kasurekin. Aurreko urteetan ere izan dira beste gertakari aipagarri batzuk: 2019an, bi eraso lesbofobo salatu zituzten Artziniegako jaietan; eta 2018an, CD Orduñako eta Indartsu Klubeko jokalariek irain homofobo, arrazista eta xenofoboak jasan zituztela salatu zuten. 2019an, polizia nazional ohi bat atxilotu zuten Lezaman, familia baten etxearen aurka tiro egitea egotzita; 2024an hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra onartu zuen auziperatuak.




