Laudioko Udalak eta Elhuyarrek Bizilabe programako gazteak eta profesionalak elkartu dituzte

Zientzia eta teknologiaren arloko lau emakume adituk beren esperientziak partekatu dituzte 10 eta 14 urte bitarteko 15 gazterekin.

Laudioko Kasinoan Bizilabe programako profesionalak eta gazteak elkarrizketan.
IA

Laudioko Kasinoan Bizilabe programako profesionalak eta gazteak elkarrizketan.

Laudioko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako Bizilabe programaren baitan, martxoaren 25ean, Parekoen Topaketa ekimena egin zen Laudioko Kasinoan, zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalak eta gazteak elkartuz.

Ekimen honen helburua zientzia eta teknologiaren esparruko lau emakume profesional eta Bizilabe programan parte hartzen duten 10 eta 14 urte bitarteko 15 gazte elkarrizketan eta esperientzia-trukean jartzea izan zen. Saioan zehar, emakume adituek beren ibilbidea, eguneroko lana eta lanbidean aurkitzen dituzten erronkak partekatu zituzten gazteekin.
Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu zizkieten profesionalei. Ekimen honek gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea eta emakumezko erreferenteak eskaintzea bilatzen du.
Ekitaldian parte hartu zuten STEM emakume profesionalak honako hauek izan ziren: Izaskun Guerrero Martinez (Arkitektoa), Josebe Fernandez Landa (Erizaina), Iraia Fernandez Akarregi (Telekomunikazioko Lanbide-heziketako goi zikloa) eta Sara Alicante Martínez (Biologian lizentziatua eta ikertzailea).