Laudioko Udal Osoko Bilkura luzea izan zen joan den astelehenean, bost orduz luzatu baitzen eta 38 puntu eztabaidatu eta bozkatu baitziren. Gai nagusia udal-aurrekontuko kredituak aldatzeko espedienteak izan ziren, eta horien bidez hainbat inbertsio proposamen mahai gainean jarri ziren. Zenbait egitasmo aurrera atera ziren, baina beste batzuek ez zuten gehiengoaren babesik lortu.
Udalak berak jakinarazi duenez, aurrera ateratako egitasmoen artean daude Lautxirrinka taldearentzako dirulaguntza, Eskubaloi Klubaren 50. urteurrena ospatzeko partida, Haurreskolako ekipamendua, Gaztelekuko hornidura, Landaluze 27ko lokaleko obrarako partida, Arrañoko hirugarren sarbidea, udal mailako telekomunikazio-sistema berritzeko partida, Berrikusi aplikazioa eta tokiko merkataritza sustatzeko baliabideak.
Bestalde, babes nahikorik gabe geratu ziren asfaltatze lanak, plan sanitarioa, Santa Ana baserrian baserri-eskola bat egiteko azterketa, baserritarren azoka indartzeko partida, Ermualderako itxitura eta panel informatibo berriak, udaleko guardien lan-baldintzak hobetzeko partida, Ugarteko petanka pista, anbulatorio zaharraren aukera sozialak aztertzeko proposamena eta Alberto Acero inguruan aparkaleku bat egiteko azterketa, baita herriko amiantoa kentzeko partida ere.
Oposizioko hiru taldeek, EAJk, PSE-EEk eta Omniak, hasieratik argi utzi zuten ez zutela proiektu guztien alde bozkatuko, eta ez zeudela puntuak aurkezteko moduan ados. PSE-EEk inbertsio guztiak aurrekontu-proiektu oso baten barruan negoziatzea proposatu zuen, kreditu aldaketa ohiko tresna ez bilakatzea azpimarratuz. Omniak, berriz, udal gobernuarekiko kritiko agertu zen, inbertsio asko zehaztu gabe zeudela eta bermerik ez zegoela adieraziz.
EAJk ere antzeko kritikak egin zituen, EH Bilduko kideek "tonu zakarra eta deskalifikazioak" erabili zituztela salatuz eta kudeaketa falta estaltzeko "konfrontazio ariketa" bihurtu zuela plenoa iradokiz. Jeltzaleen arabera, iaz onartutako 500.000 euro inguruko inbertsioak ez ziren gauzatu, eta hori kudeatzeko ezintasunaren adibide dela adierazi zuen Ander Añibarro zinegotziak.
EH Bilduko Ainize Gastaka alkateak, bestalde, zinegotzi guztien ardura dela aurrekontuak aurrera ateratzea eta inbertsioak blokeatzea leporatu zien oposizioko taldeei. EAJk, bere aldetik, alkate-dekretuen bidez inbertsio batzuk aurrera ateratzeko aukera zegoela gogorarazi zuen.
Eztabaida ez zen talde politikoen artean soilik izan. Landaluze 27ko lokalaren prozesu parte hartzailean inplikatutako bizilagunek ere hitza hartu zuten, batez ere Omniarekin eztabaidatuz, udal gobernuagatik instrumentalizatuak izaten ari zirela iradoki zuenean. Proiektu horren aurka bozkatu zuen Omniak, baina EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin aurrera egin zuen.
Udal gobernu taldeak "estrategikotzat" jo ditu mahai gainean geratu ziren proposamen guztiak eta lanean jarraituko duela adierazi du etorkizunean gauzatzeko. Plenoaren azken zatian, adostasun zabalagoa lortu zen, hala nola, Laudioko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana, Omniak aurkeztutako babesleku klimatikoei buruzko mozioa, energia berriztagarrien kanonari buruzko mozioa eta EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako Foruen Abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren urteurrenei buruzko mozio bateratua.




