Atzoko eguna borobila izan zen Orozkon, goizean ganadu azoka egin ondoren, arratsaldean pilota profesionaleko partidekin gozatu baitzuten bertakoek. San Fermin Torneoko final-hamaseirenak jokatu ziren udal frontoian, eta puntako kirol erakustaldia izan zen bertan.
Lehen neurketan, Jakak Amiano garaitu zuen 22-17ko emaitzarekin, bere eskarmentuari esker. Ondoren, Iker Larrazabalek eta Morgaetxebarriak, Aiaraldeko pilotariek, Arkaitz Eskuza laudioarrarekin eta Zabalarekin neurtu zituzten indarrak. Azken bikote hori nagusitu zen, 22-15eko emaitzarekin amaituz partida.
Une bitxiak ere utzi zituen atzoko jardunaldiak. Binakako atariko partida hasi berritan, pilotakada bat jaso zuen Larrazabalek buruan. Pilotak ez-ohiko errebote bat hartu eta Olabezarrekoaren burua jo zuen, baina pilotariak ez zuen arazorik izan jokoarekin jarraitzeko.




