Imanol Pradales lehendakaria JEZ enpresaren mendeurren ekitaldira iritsi da txistu eta oihu artean. Izan ere, Maderas de Llodioko grebalarien piketearen aurretik igaro behar izan du enpresara sartzeko. Joan den asteazkenean 250. greba eguna bete zuten Maderas de Llodioko beharginek. Goizeko lehen ordutik nabaria izan da bertan presentzia poliziala, eta kordoi-polizial handi baten atzetik egin du fabrikara sarrera lehendakariak.
Protestan izan dira Maderas de Llodioko langileak ez ezik, JEZ eta Tubos Reunidoseko beharginak ere. LAB sindikatuak oharra kaleratu du Maderas de Llodioko langileei elkartasuna adierazteko, eta gutuna igorri diote lehendakariari, lan-gatazka horretan erakundeen inplikazioa eskatuz.
“"Uste dugu ekitaldi honek duen arreta politiko eta mediatikoak balio behar duela gatazka honi irtenbidea emateko premiaren berri emateko ere. Ezinbestekoa da gure eskualdean enplegua mantentzeko mekanismo guztiak aktibatzearen alde egitea, eta halako gatazken aurrean erantzukizun politikoak hartzea, langile klasea baztertu gabe."
Lantegi barruan entzun ahal izan dira piketeko oihuak, zeinek inplikazioa eskatzen zioten lehendakariari Maderas de Llodioko lan gatazkarekin amaitzeko.




