Okondoko jaietako bi hitzordu nagusien, San Roman eta San Bartolome, azken lau urteetako programazioa aztertu ondoren, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak ondorioztatu du euskara erabat baztertzen dela jai horietan. Txosten berri batean plazaratu dituzte datuak.
Musika emanaldiak aztertu dituzte bereziki: 2022tik hona, %70 erdara hutsean izan direla salatu dute. Gainera, 2022an, "10 musika emanaldi baino ez zen euskaraz izan", nabarmendu dute.
Haurrentzako programazioak ere "marra gorriak" gainditu dituela adierazi dute. 2022an eta 2023an, umeei zuzendutako ikuskizun guztiak gaztelaniaz izan ziren, eta hurrengo bi urteetan ez zen horrelako ekitaldirik antolatu.
Helduentzako ikuskizunei dagokienez, txostenak dio lau urtean euskarazko ekitaldi bakarra programatu dela, eta hori Arabako Foru Aldundiak antolatutako jarduera izan zela. Gainerakoan, karaokean salbu, dena erdara hutsean izan dela gaineratu dute.
Kontseiluak gogorarazi du Okondoko euskalduntze indizea %49,87koa dela, eta egoera hau "are atzeraerrazagoa" bilakatzen duela, jaietan euskaraz programatzen den ekitaldi kopurua hiztun kopurutik nabarmen beherago baitago, bereziki haur eta gazteen kasuan. Horregatik, umeentzako programazio guztia euskaraz izan beharko litzatekeela aldarrikatu dute.
Bestalde, Okondoko Udalak uko egin ziola Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! egitasmoan parte hartzeari eta, ondorioz, ez dituela baliatzen euskara sustatzeko proposatutako tresnak, hala nola euskararen semaforoa edo ostalarientzako kanpainak.
Eskualdeko udal gehienek, hala nola Laudio, Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Aiara eta Artziniega, parte hartzen dute ekimen horretan. Kontseiluak dei egin dio Okondoko udalari ere ekimenarekin bat egiteko eta "Praktika onen gida" baliatzeko, euskararen biziberritzean neurri ausartak hartzea "atzeraezina" dela argudiatuta.




