EH Bilduk Aiaraldeko estrategia koordinatua eta bateratua aldarrikatu du

Eva Lopez de Arroyabek kritika egin die erakundeei eskualdeko udalerrien arteko koordinazio faltagatik eta proposamen estrategikoak aurkeztu ditu.

Prentsaurreko aretoko podium batean dagoen mikrofono baten hurbileko irudia, politikarien irudi lausoak atzealdean.
IA

Prentsaurreko aretoko podium batean dagoen mikrofono baten hurbileko irudia, politikarien irudi lausoak atzealdean.

EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak, Eva Lopez de Arroyabek, Laudioko, Aiarako eta Artzinieako alkateekin eta Amurrio eta Urduñako zinegotziekin batera eskualdeko garapen industrialerako mahaia baloratu du.

Eva Lopez de Arroyabek, EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak, prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudioko, Aiarako eta Artzinieako alkateekin eta Amurrio eta Urduñako zinegotziekin batera. Bertan, Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaia baloratu du.
Lopez de Arroyabek azpimarratu du eskualdeko Bizkaiko herriak ez dituztela gonbidatu, eta horrek koordinazio arazoak sortu dituela. "Gabezia hori hilabete hauetan jorratutako gai askotan ikusi dugu. Hor dago Aiaraldeko Ikus-entzunezko HUBaren adibidea. Ez du inolako logikarik Araba eta Bizkaia eremu horretan 8 kilometrotan bi proiektu lehiatzen aritzea", adierazi du. "Nahiko sentsazio zabaldua dago elkarrekin lan egiteko eta eskualdeko udalerrien artean lehiatzeari uzteko beharraz", gaineratu du.
Kritika horiez gain, EH Bilduko batzarkideak azaldu du alderdiak 80 proposamen egin dituela, horietako batzuk estrategikoak direla. Adibidez, lurzoru industriala bultzatzeko premia aipatu du: "Udalaz gaindiko industrialde bat sortzea, erakunde publiko batek kudeatuta; garapen-agentzien koordinazioa hobetzea, eskualdeko agentzia bihurtuz; edo ikerketarako eta garapenerako aholkularitza-sistema bat sortzea, enpresa txiki eta ertainei zerbitzua emango diena".
Energia trantsizioa ere izan du hizpide Lopez de Arroyabek. Bere ustez, energia berriztagarria sortu behar da kontuan izanda non kontsumituko den. Horregatik, defendatu du ezinbestekoa dela udalerri bakoitzaren behar energetikoak eta bitarteko berriztagarriarekin asetzeko duten gaitasuna ezagutzea, "Aiarak eta Artziniegak edo Laudiok Eguzki Mapa egiten hasi diren bezala".
Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio Eva Lopez de Arroyaberi azken astean Ahaldun Nagusiak eskualdeari buruz egin dituen adierazpenei buruz, zeinetan oso kritiko agertu zen sindikatuekin. Ordezkari politikoak erantzun du Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaian batzuetan ez direla baldintzak eman eragile guztiek parte hartzeko eta kasu batzuetan EH Bilduk ere uko egin diola aritzeari. Edonola ere, azpimarratu du ezinbestekoa dela guztien ekarpena eskualde erakargarria osatzeko.
Horrez gain, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du erakundeak oso motel ari direla erantzuten Aiaraldeak bizi duen krisialdiari. "2018an Eusko Legebiltzarrean bultzatu nuen Aiaraldea agenda politikoan sartzea eta eztabaida horren ondorioz sortu ziren planak ez dira gauzatu, bereziki, industriaren esparruan", esan du.