AP-68 dohainik plataformako kideek astelehenean aurkeztu zuten mozioa Laudioko Udal Osoko Bilkuran. Autobidearen kudeaketa Arabako Foru Aldundiaren esku geratu dela baliatuz, erakunde publikoak ordainketa sistema berria ezartzeko urratsak eman ditu. Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak iaz iragarri zuen ordainsaria "erdira baino gehiago" merkatuko dutela, baina plataformako kideak ez daude ados eta autobidea erabat doakoa izatea aldarrikatzen dute.
Plataformako ordezkariek nabarmendu zuten ez dutela inolako kuotarik onartuko, nahiz eta oso txikiak izan. Euren ustez, autobideagatik ordaintzeak diskriminazio egoera bat sortzen du aiaraldearrekiko, Arabako beste udalerri batzuetako bizilagunek ez baitute Gasteizera joateko ordaindu beharrik.
Gainera, "autopistak aberatsentzat eta bigarren mailako errepide arriskutsuak pobreentzat" izatearen aurka egin zuten, eta datu bat jarri zuten mahai gainean: iaz Araban trafiko istripuetan hildako guztiak bigarren mailako bideetan gertatu ziren. Bidesariek enpresak eskualdetik uxatu eta lantegiak ez kokatzea ere eragiten dutela argudiatu zuten.
Ezin dira autopistak egon aberatsentzat eta bigarren mailako errepide arriskutsuak pobreentzat
Osoko bilkuran tentsio uneak izan ziren plataformako bozeramailearen hitzartzearen ondorioz, udal ordezkarien eta alderdi politikoen inguruko aipu zuzenak egin zituenean. Desadostasuna nagusi izan zen bozketan: Omniak bakarrik babestu zuen mozioa. EH Bilduk testu alternatiboa aurkeztu zuen, eztabaida Foru Aldundira eraman behar dela argudiatuz, eta EAJk eta PSE-EEk gutxieneko kuota batzuk defendatu zituzten Europako irizpideak aitzaki hartuta. Azkenean, proposamenek ez zuten aurrera egin.




