Ertzaintzak baieztatu duenez, Laudioko Oleta auzoko baserrietan lapurretak egiteagatik ostiralean atxilotutako bi pertsonak espetxeratu dituzte. 35 eta 27 urteko bi gizonezko dira, eta hainbat etxebizitzatan sartzea leporatzen zaie.
Poliziaren arabera, lau lapurreta salaketa erregistratu ziren auzo horretan martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean. Hala ere, auzokideek hamar kasu zenbatu zituzten guztira, azkena joan den asteartean gertatuta. Lapurretak hutsik zeuden eraikinetan eta bigarren etxebizitzetan izan ziren gehienbat, eta kobrea, metalezko elementuak, erlojuak eta bitxiak lapurtu zituzten.
Ikerketan aurrera egiteko, bizilagunek funtsezko informazioa eman zieten agintariei. Etxebizitzetako batek segurtasun kamera bat zuen, eta bertako irudietan bi pertsona agertzen ziren. Bideo horiek Ertzaintzari helarazi zizkieten auzokideek. Gainera, hainbat bilera egin zituzten Udalarekin eta komisaldegiko arduradunarekin, egoerari irtenbidea bilatzeko.




