Polizia-iturriek jakinarazi dutenez, lau lapurreta salaketa erregistratu ziren aipatutako auzoan. Agenteek egindako ikerketek agerian utzi zuten lapurrak etxeetan sartu zirela inor ez zegoenean, pertsianak behartuz eta leihoak hautsiz, batzuetan bertan aurkitutako mailuak eta bestelako tresnak erabiliz.
Ertzaintzak adierazi duenez, bildutako froga guztiek iradokitzen zuten lapurreta guztiak pertsona berdinek egin zituztela, eta horri esker identifikatu eta atxilotu ahal izan dituzte bi gizonezkoak. Atxilotuak polizia-etxera eraman dituzte, eta laster epailearen esku utziko dituzte.
Bestalde, Aiaraldea Komunikabideak bost bizilagunekin hitz egin du Oleta, Motxotekale eta Lusurbeirlanda auzoetan. Hauek adierazi dute martxoaren 26tik hona hamar lapurreta inguru jasan dituztela, nahiz eta Ertzaintzak lau salaketa baino ez dituen erregistratu. Azken kasua astearte honetan gertatu zen.
Bizilagunen arabera, lapurrak hutsik dauden eraikinetan eta bigarren etxebizitzetan sartu dira gehienetan. Kobrea eta metalezko beste elementu batzuk lapurtu dituzte batez ere, baina baita erlojuak edo bitxiak bezalako beste objektu batzuk ere. Kasu horietako batean, segurtasun kamera batek bi pertsona grabatu zituen, eta irudi horiek Ertzaintzari helarazi zizkieten. Gainera, bizilagunak Udalarekin eta komisaldegiko arduradunarekin bildu dira hainbat aldiz azken egunetan.




