Jardunaldi horietan, Laudioko eta Amurrioko merkatuetan informazio-guneak jarriko dira, ikasleek berek dinamizatuta. Horietan, sentsibilizazio-materialak eskainiko dira, hala nola liburuxkak eta hozkailuko imanak, etxeetan elikagaien xahuketa saihesteko jarraibide praktikoekin.
Ekintza hau Aiaraldeko Eskola Agenda 2030 programan parte hartzen duten 11 ikastetxeek azken bi ikasturteetan egindako lanaren emaitza da. Ikastetxe horiek ekoizpen eta kontsumo arduratsuei buruzko garapen iraunkorreko 12. helburuan oinarritu dute beren lana.
Ikasleek egindako hausnarketatik sortutako proiektu bat da. Joan den ikasturtean diagnostiko bat egin ondoren, eta ikastetxeen artean hausnarketa eta adostasun prozesu bat burutu ondoren, ekintza “eraldaketailea” hau definitu zen, elikagaien xahuketaren inguruan hautemandako arazoari erantzuteko.
Aurretik, apirilaren 16an, eskualdeko eskola-foroa egin zen Laudioko Kultur Etxean, eta bertan inplikatutako 11 ikastetxeek parte hartu zuten. Topaketa horretan, ikasturtean egindako lana partekatu zen eta ekintzarako diseinatutako materialak aztertu ziren.
Gainera, ikasle batzuek dinamizatzaile papera hartu zuten, eta beste batzuek, berriz, bizilagunen papera egin zuten, gero rolak trukatuz. Aiaraldeko Kuadrillak herritarrak animatzen ditu merkatuetara hurbiltzera adierazitako datetan, ikasleek bultzatutako ekimen hau zuzenean ezagutzeko eta kontsumo arduratsuagoa lortzen laguntzeko.




