Gernika-Lumoko Merkataritza sailetik 'Nik Gernikan' sarietarako izena emateko epea zabaldu dute, tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren nortasuna eta dinamismo sozioekonomikoa balioesteko. Ekimen honek 4.000 euro banatuko ditu lau kategoria zehatzetan: ibilbide komertziala, berrikuntza, auzoetako sustraia eta sukaldaritza bikaintasuna.
Tokiko merkataritza eta ostalaritza, bizitzaren eragile ekonomiko eta sozial gisa, indartzeko helburuarekin, Udalak 'Nik Gernikan' Sariak antolatu ditu seigarren urtez. Deialdi honek tokiko negozioen erresilientzia, egokitzapena eta eguneroko ahalegina aitortu nahi ditu, merkataritza globalizatuaren aurrean.
Aurtengo edizioan lau sari banatuko dira, bakoitza 1.000 eurokoa. Horrela, administrazio publikoak ekimen berriak eta negozio historikoak ikusgarri egin nahi ditu, bizilagunen egunerokoan ezinbestekoak direnak.
Aitortzak lau modalitatetan egituratu dira: lehenengoa, ibilbide komertziala, negozio antigoalekoak eta finkatuak goraipatzeko; bigarrena, komertzio berritzailea, eskari berrietara eta kontsumo digital edo jasangarrira egokitzen diren proiektuak saritzeko; hirugarrena, auzoetako komertzioa, bizitza soziala eta auzo-bizitza dinamizatzen duten hurbileko dendak nabarmentzeko; eta laugarrena, ostalaritza, Gernika-Lumoren identitate gastronomiko, kultural eta aisialdiko aberastasuna indartzen duten taberna eta jatetxeak aitortzeko.
Aurretik ere izan dira aipagarriak irabazleak. Iaz, Kooperatiba San Isidro Gernikak jaso zuen ibilbide komertzialaren saria; Lumiére Concept-ek, berrikuntzarena; Barandiaran Dendak, auzo-komertziroarena; eta Boliña Zaharrak, ostalaritzarena.
Aurkeztu nahi duten establezimenduek 2026ko abuztuaren 28ra arte izango dute epea. Gernika-Lumoko udal-barrutian jarduera ekonomikoa duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko, GERTU herritarrentzako arretarako zerbitzuaren bidez edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da, negozioaren merezimenduak eta lokalaren argazki materiala jasotzen dituen memoria zehatz bat erantsiz.
Ebaluazio batzordeak irizpide objektiboak erabiliko ditu, hala nola hautagaien ibilbide profesionala, kudeaketan elementu berritzaileak sartzea, udalerriko ehun sozial eta asoziatiboarekin duten inplikazioa, Gernika-Lumoren irudiaren sustapen aktiboa eta egungo merkatuaren eskakizunetara egokitzeko malgutasuna.
Oinarriei buruzko informazio gehiago nahi dutenek Merkatu Plazako Merkataritza Bulego Teknikora jo dezakete, edo 94 625 79 40 telefono zenbakira deitu edo gatc@gernika-lumo.eus helbidera idatzi.




