Bermeoko Udaleko Euskara Sailak, bertako euskaltegiekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean, berriro jarri du martxan ekimen hau. Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak nabarmendu duenez, ikasgelatik kanpo euskara bizia eta adierazkorra lantzeko gune bat da hau. Marimar Hernandez dinamizatzaileak, berriz, gogorarazi du helburu nagusia euskaraz gustura eta lasai aritzea dela, inolako presiorik gabe.
Dagoeneko martxan dira asteroko saioak. Astero behin, ordubetez, Lameran elkartuko dira parte-hartzaileak: martitzenetan 12:30etik 13:30era eta 18:30etik 19:30era, eta barikuetan 17:00etatik 18:00etara.
Horrez gain, zaletasunen araberako taldeak ere osatuko dira. Besteak beste, mendi irteerak antolatu dira; lehenengo irteera azaroaren 7an izango da, 09:30ean Taraskan batuta, Bermeo-San Kristobal-Bermeo ibilbidea egiteko. Gainera, dantza errazak eta gurasolagun ekimenak ere jarriko dira martxan azaroan zehar. Familientzako irteerak, hala nola Amurrioko Tertanga etxera egitekoa, eta sari bidezko lehiaketak ere izango dira azaroan, otsailean eta maiatza-ekainean.
Parte-hartzea erabat doakoa da. Izena ematen dutenek hainbat deskontu eta sari eskuratu ahal izango dituzte. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak herritar guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera, "euskaraz berba egiteko gogoa baino ez baita behar".




