Musika eta aisialdia uztartzen dituen ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Señeak elkartearen eta Lauaxeta Ikastolaren elkarlana du oinarri. Parte-hartzaileak Bizkaiko hainbat herritatik etorritako musikari gazteak dira, hala nola Elorrio, Lekeitio, Gernika, Zornotza, Bilbo, Berriz, Lemoa, Usansolo, Sopela, Otxandio, Mungia eta Getxo. Gitarristak, abeslariak, teklistak, bateria-jotzaileak eta baxu-jotzaileak daude haien artean.
Antolatzaileek, iaz baino eskaera handiagoa jaso arren, 22 parte-hartzaileko muga mantentzea erabaki dute, “egonaldiaren kalitatea bermatzeko”, Señeak elkarteko arduradunek adierazi dutenez.
“"Bizkaian musika zaletasuna eta talentua bizirik daude; gero eta eskari handiagoa eta maila altuagoa dugu. Kanpus honek musikak eskaintzen dituen onurak eta aukerak gazteei gertutik erakustea du helburu."
Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu du iazko esperientziaren balorazioa “oso positiboa” izan zela. “Gazte, irakasle eta gurasoen aldetik jasotako harrera bikainak erakutsi zuen ekimenaren arrakasta. Aurten, esentzia hori mantentzea izan da gure xedea, baina berrikuntzak gehituta esperientzia are aberatsagoa egiteko”, gaineratu du.
Egonaldia apirilaren 10ean, ostiralean, amaituko da kontzertu berezi batekin Zornotza Aretoan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzari esker. Bertan, musikari gazteek aste osoan zehar ikasitako guztia erakutsiko dute irakasleekin batera, euren sormena eta talde-lana agerian utziz.




