Astigarragako Zertzena klubak antolatutako txapelketa honek, Egur Sportek antolatutako txapelketak desagertu ondoren sortutako hutsunea bete nahi du. Guztira, lau bikotek hartuko dute parte emakumezkoen kategorian, eta bederatzi bikotek, 16 eta 23 urte bitarteko aizkolariek osatutakoak, gazteen txapelketan.
Lehiaketa apirilaren 6an hasi zen Agurainen, eta bigarren jardunaldia Donezteben izango da bihar, apirilaren 18an, 18:00etan. Ondoren, apirilaren 26an Etxarri Aranatzen jarraituko du. Finalerdiak maiatzaren 2an eta 17an Altsasun eta Urnietan jokatuko dira, hurrenez hurren, eta final handia maiatzaren 31n Astigarragan izango da.
Doneztebeko Santa Luzia plazan, 12:30etik aurrera jokatuko den bigarren jardunaldian, emakumezkoen kategorian Malen Barrenetxea-Nerea Arruti eta Oihana Fernández de Barrena-Ekiñe López bikoteak lehiatuko dira. Gazteen txapelketan, Izar Berriak izenekoan, Beñat Senosiain-Markel Iturralde, Mikel Santesteban-Igoin Pikabea eta Unai Etxeberria-Unai Romairone bikoteak arituko dira. Gainera, Miren Martín eta Irati Osinalde harrijasotzaileek ere erakustaldia egingo dute.




