Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udal Administrazioak eta haien organismo autonomoak eta udalaz gaindiko eta azpiko entitateak) likidazio bateratuak erakusten du gastuak diru-sarreren gainetik igo zirela 2024an. Guztizko bateratuan, diru-sarrerak % 0,5 handitu ziren, 23.064 milioi euroraino; gastuak, berriz, % 1,3 handitu ziren, 23.569 milioi euroraino. Ondorioz, –514 milioi euroko aurrekontu-saldo ez-finantzario negatiboa izan zen.
Eragiketa arrunten saldoa 1.632 milioi eurokoa izan zen, hau da, 2023an baino 836 milioi gutxiago. Euskal administrazioen zerga-sarrerak 19.193 milioi eurokoak izan ziren, sarrera guztien % 83,2, eta % 0,9 igo ziren 2024an. Zerga-sarrera guztien artean, PFEZ zergak izan du pisurik handiena (% 36,5), nahiz eta % 1,4ko jaitsiera izan duen. BEZak % 35,9ko pisua du eta % 0,5eko jaitsiera.
Bestelako sarrera arruntak % 11,0 izan ziren, eta % 0,1 jaitsi ziren. Finantza-eragiketen diru-sarrerak 1.175 milioi eurora iritsi ziren, aurreko urtean baino % 13,9 gehiago. Gastuen artean, bestelako gastu arruntak % 9,0 igo ziren, eta gastu guztien % 34,0raino iritsi ziren. Langile-gastuak % 5,4 hazi ziren eta transferentzia arruntek % 1,2ko igoera izan zuten.
Inbertsioak eta kapital-transferentziak % 12,6 jaitsi ziren, eta finantza-eragiketetako gastuek % 22,5 egin zuten behera, 1.166 milioi eurora iritsiz.
Erakunde-mailan, Eusko Jaurlaritzak 855 milioi euroko aurrekontu-saldo ez-finantzario negatiboa izan zuen. Lurralde-administrazioetan, berriz, saldo positiboak izan ziren: Bizkaian 295 milioi euro, Gipuzkoan 28 milioi euro eta Araban 18 milioi euro.
Zor bizia 13.028 milioi eurora iritsi zen 2024aren amaieran, eta 181 milioi eurotan handitu zen aurreko urtearekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak zor biziaren % 80,4 hartzen zuen, Bizkaiak % 12,6, Arabak % 4,5 eta Gipuzkoak % 2,5.




