Joan den larunbatean, hilaren 11n, Mundakan (Bizkaia) jokatu ziren beteranoen traineru estropadetan parte hartu zuten Zumaiako arraun taldeko bi ontziek. Bi ligatako traineruak elkartu ziren bertan, eta lehenik bigarren mailakoak aritu ziren, ondoren lehen mailakoak.
Pozgarria izan zen Zumaiako beteranoen B ontziaren jarduna, izan ere, garaipena eskuratu zuen bere ligan. Badok 13 Orioren B ontziaren aurretik sailkatu ziren zumaiarrak, eta hirugarren postuan Plentzia B geratu zen. Lortutako banderak klubaren Itsas Kiroldegian duten lokalaren atean jarri dute.
Bestalde, lehen mailako ligan lehiatu zen Zumaiako ontzia laugarren postuan sailkatu zen Mundakan, Badok 13 Orio, Getxo eta Fortunaren atzetik.




