Lan honek lotura estua du Donostiarekin, izan ere, zati bat Tabakalerako 2deo laborategian garatu zen, eta Larrotxene Bideoren eta Donostia Kulturaren babesa jaso du. Gainera, lantaldean Donostiako hainbat profesionalek parte hartu dute, besteak beste, Aizpea Goenaga eta Iñigo Aranburu aktoreek, eta Aitor Perez teknikariak.
Fikziozko film labur honek lau emakumeren eguneroko bizitza aztertzen du. Goizero, lanerako bidean autobus berean elkartzen dira, eta hamar minutuko ibilbide horretan, elkarrizketek, isiluneek eta keinu txikiek esanahi berezia hartzen dute. Narrazioak ahizpatasunaren eta babes kolektiboaren ideia nabarmentzen du, errutinaren barnean sortzen diren harreman sotil baina esanguratsuak agerian utziz.
Eguneroko elkarrizketa naturaletan oinarrituta, lan baldintza prekarioak, zaintza, zahartzea, bakardadea eta genero desoreka jorratzen ditu.
Proiektua EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek garatu dute, eta EHU Kulturaren beka bati esker gauzatu ahal izan da. Grabaketa hiru egunez egin zen, urtarrilaren 30etik otsailaren 1era bitartean. Estreinaldiaren ondoren, sortzaileak film laburra Donostian aurkezteko aukera aztertzen ari dira.




