Lehiaketak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK ren babesa jasotzen du. Kategoria nagusiko irabazleek eta Barakaldoko talde onenak disko bat grabatuko dute Gaua Producciones-en estudioetan. BBK-Berdintasun eta Euskara sarietako irabazleek lau abestiko EP bat grabatuko dute.
Finalean, bederatzi finalistek zuzenean joko dute Barakaldoko San Bizente parkean irailaren 26an. Epaimahai profesionalak erabakiko du, zuzenean, Euskarazko artistarik onena.
Lehiaketako lau kategorietako proiektu irabazleak Barakaldoko Herriko plazan egingo den Hiriko Soinuak festibalean arituko dira urriaren 23an eta 24an, ibilbide ezaguna duten taldeekin batera. Finala zein jaialdia doakoak izango dira.
Iaz, 39 proiektu Barakaldotarrek eman zuten izena, parte hartzaile guztien %27, eta 2024an baino %30 gehiago. Euskarazko artisten ordezkaritza eta BBK-Berdintasun sarirako hautagaien kopurua ere handitu egin zen. Parte hartze orokorrak etengabe egin du gora 2019ko lehen edizioaz geroztik.
Bestalde, Euskotren-ek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailaren mendeko sozietate publikoak, udako ordutegia jarriko du martxan bere trenbide (E1, E2, E3, E4 eta E5) eta metro (L3) linea guztietan ekainaren 22tik aurrera. Era berean, Bilboko tranbiaren ordutegia ere aldatuko du, 15 minutuan behin ibiliko baita bi noranzkoetan.
Euskotrenek jakinarazi duenez, eskaintza egokitu egingo du udako beharrak asetzeko, eta trenen zerbitzu erregularra indartuko da hondartzak dituzten kostaldeko herrietara joan-etorriak errazteko. Debabarrenean trenen eskaintza handituko da, Debako hondartzarako sarbidea errazteko, eta asteburuetan eta jaiegunetan Urdaibairako (Bilbo-Bermeo), Kostalderako (Donostia-Zumaia) eta Toporako (Irun/Amara eta Altza/Amara) zerbitzuak ere indartuko dira.




