Bermeoko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, apirilaren 19ra arte luzatuko da XXIX. Hegaluze Sarirako hautagaiak proposatzeko epea. Sari hau Bermeoko XXXII. Arrain Azokaren baitan emango da, eta Arrain Azoka Elkarteak aukeratuko du irabazlea, epea amaitu ondoren.
Hegaluze Sariaren helburua da Bermeoren izena zabaldu eta goratu duen edo herriaren alde lan egin duen pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edo proiektu bat aitortzea. Proposamenek arlo askotariko ekintzak har ditzakete barne, hala nola kirol, enpresa, kultura, gizarte edo ekonomiakoak.
Hautagaiak proposatu nahi dituztenek orri batean idatzi beharko dituzte aukeratuaren datuak eta hautaketaren arrazoiak. Proposamenak bi bide hauetatik aurkeztu daitezke: Bermeoko Udal Turismo Bulegoan zuzenean edo turismoa@bermeo.eus helbide elektronikora idatzita. Hautagai batentzako proposamen anitz jasotzen badira, proposamen bakar gisa hartuko dira.
Proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 19a izango da. XXIX. Hegaluze Saria, urtero bezala, maiatzaren 22an emango da, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian.




