Klaustrokideen %73,7ren babesarekin, EHUko estatutu berriek ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza handiagoa bermatuko dute unibertsitateko organoetan. Horrez gain, unibertsitatea osatzen duten egiturek autonomia eta presentzia handiagoa izango dute.
Ia zazpi orduko bilkura "oso parte hartzailea" izan zen, eta EHUko kide askok hartu zuten hitza, bai aurkeztutako alegazioak defendatzeko, bai iritziak emateko. 237 klaustrokideetatik %85ek hartu zuen parte eztabaida zabalean, ia ehun alegazio ebatzi zirelarik.
“"Klaustroan zehar izandako parte hartzeak bat egiten du estatutu berriek oinarrian duten helburu nagusiarekin: izaera demokratikoa indartzea."
Onartutako testuak EHU "unibertsitate plural eta feminista" gisa definitzen du, "LGTBI+ baloreen defendatzailea, bizikidetzaren aldekoa eta komunitatea osatzen duten kolektibo guztiak aintzat hartzen dituena". Ildo horretan, unibertsitateko organoetan eta errektorea aukeratzeko hauteskundeetan ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza eta haztapena gehitu da.
Era berean, klaustrokideek hiru aukeren artean gehiengoz bozkatu dute unibertsitatearen izen ofiziala. 106 botorekin, "Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)" izena aukeratu da, iazko ekainean aurkeztutako marka berriaren ildotik, eta aurrerantzean euskara hutsez izendatuko da erakundea.




