2024ko azaroaren 26an egin ziren EHUko errektore hauteskundeetan, Eva Ferreira orduko errektorearen taldeak botoen %36,3 eskuratu zituen, eta Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzak %63,6ko gehiengoa lortu zuen. Hala ere, talde galtzaileko hainbat kidek kargu altuak eskuratu dituzte orain, gehienak EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren eraginpean.
Izendapen horien artean, Lore Bilbao, EHUn 2023-2024 urteetan gerente izandakoa, Osakidetzako zuzendari orokor izendatu dute. Nahiz eta Ingeniaritza Industrialean espezializatua izan, osasun arloan duen lehen esperientzia da. Begoña Loza, EHUn pertsonaleko gerenteorde izandakoa, 2025eko otsailaren 21ean OSI Barrualde-Galdakakoko Pertsonen zuzendari izendatu zuten.
Bestalde, Héctor Hernando, EHUko Bizkaiko Campuseko gerenteorde ohia, Osatek-eko (Osasun Sailaren menpeko elkarte publikoa) zuzendari gerentea da 2025eko urtarrilaren 31tik. Miren Mateo, Arabako Campuseko gerenteorde izandakoa, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasen kabineteburu izendatu zuten 2025eko urtarrilaren 11n. Pérez Iglesiasen kabinetean, Ferreiraren gobernuko beste hiru kidek ere lan egiten dute.
Gorane Agirre, Ferreiraren kabinete buru ohia, Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko komunikazio instituzionaleko aholkulari izendatu zuten 2025eko uztailaren 3an. Juanjo Untzilla, Eraldaketa Digitaleko eta Komunikazioko errektoreorde ohia, sail bereko Politika eta Programetako aholkularia da 2025eko martxoaren 20tik.
Federico Recart, Irakasle eta Ikertzaileen errektore ohia, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari kargua eskuratu zuen iragan azaroan. Azkenik, Juncal Gutiérrez, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzako errektoreorde ohia, unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Institutuko zuzendari izendatu zuten abenduaren 22an, eta Agustin Erkiziak, Gipuzkoako Campuseko errektoreorde izandakoak, Donostiako Udaleko Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzaile postua lortu zuen 2025eko uztailean.




