Euskadin gero eta pertsona gehiagok erabakitzen dute idatziz uztea nola zaindu nahi duten, egunen batean beren borondatea adierazteko gai ez badira. Borondate aurreratuak, aurretiazko jarraibideak edo bizi-testamentua izenez ezagutzen den dokumentu honek etengabeko hazkundea izan du Euskadin, 2025ean 14.851 dokumentu berri erregistratu baitira, aurreko urtean baino %26 gehiago. Inskripzio berriez gain, Euskadiko Borondate Aurreratuen Erregistroak aurretik inskribatutako 819 dokumentu ordezkatu edo aldatu zituen.
2004an sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kudeatutako Borondate Aurreratuen Erregistroak 76.683 inskripzio pilatu ditu. Horietatik, 69.451 inskripzio Euskal Osasun Zerbitzuko erabiltzaile diren eta dokumentua indarrean duten pertsonei dagozkie. Kopuru hori hirukoiztu egin da hiru urte eskasean, eta 2025ean izan du urteroko zifrarik altuena. Euskadiko Borondate Aurreratuen Erregistroan jasotako informazioaren arabera, 1.000 heldutik 37k inguruk dituzte dagoeneko beren borondateak inskribatuta. Adinari dagokionez, nabarmentzekoa da Euskadin 75 urtetik gorako 9 pertsonatik 1ek (1.000 biztanleko 117) indarrean dituela bere borondate aurreratuak RVVA n inskribatuta.
2025ean erregistratutako inskripzio berrien guztizkoaren hiru laurdenak 46 eta 75 urte bitarteko pertsonenak ziren. Eremu geografikoari dagokionez, inskripzioen %13 Araban (1.889), %55 Bizkaian (8.142) eta %32 Gipuzkoan (4.797) egin ziren, eta horiei Euskaditik kanpoko 23 inskripzio gehitu behar zaizkie. 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien artean, Donostia, Getxo eta Zarautz nabarmentzen dira, beren biztanleria helduarekiko inskribatutako dokumentuen proportzio handienagatik.
Euskadi Estatuan inskripzio-tasarik handiena duen bigarren autonomia-erkidegoa da, Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionalaren (RNIP) datuen arabera, Nafarroaren atzetik bakarrik eta estatuko batez bestekoaren (1.000 biztanleko 13,78) oso gainetik. Era berean, azpimarratzekoa da dokumentua erregistratu zutenen %86k ordezkari bat aukeratu zutela, nahitaezkoa ez den baina oso gomendagarria den figura bat. Pertsonak bere borondatea adierazteko gai ez denean, ordezkariak dokumentua sinatu zuenaren borondatearen interpretazio zuzena eta betetzea zaintzen du.
Borondate aurreratuen dokumentua gaitutako mediku eta erizainen aurrean, Euskadiko Borondate Aurreratuen Erregistroko arduradunaren aurrean, hiru lekukoren aurrean edo notarioaren aurrean formaliza daiteke. Gaur egun, Euskal Osasun Sistema Publikoko 890 mediku eta erizain profesional gaituta daude borondate aurreratuen dokumentuak formalizatzeko; 2025ean bakarrik 447 profesionalek egin zuten hori.




