Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotuko dituen linea elektrikoaren kableak jartzen hasi dira Bizkaiko Golkoan. Inelfe sozietateak bultzatutako egitasmoa %60 egina dago jada, eta 2028an amaitzea aurreikusten dute. Proiektuaren helburua da Frantziaren eta Iberiar penintsularen arteko argindar trukerako gaitasuna 2.800 MW-tik 5.000 MW-ra igotzea.
Ur azpiko tarteak 276 kilometro luze izango ditu. Hala ere, Capbretongo itsaspeko arroilaren ondorioz, 27 kilometro lur azpitik egin beharko dira. Oztopo horrek atzerapenak eta kostuen igoera eragin ditu; hasierako 1.750 milioi euroko aurrekontua 2.850 milioi eurora igo da, %63ko garestitzea suposatuz, pandemia, inflazioa eta lehengaien garestitzea tarteko.
Europako Batasunak interes komuneko proiektutzat jo du interkonexioa eta finantzaketaren zati bat bere gain hartu du, estatu kideen arteko lotura elektrikoak sendotzeko helburuarekin. Itsasoko lanak hainbat fasetan egingo dira 2027ko udara bitartean. Guztira, lau kable elektriko eta zuntz optikoko bat jarriko dira. Danimarkako NKT enpresak egiten ari du Bizkaiko kostaldeko lehen fasea, Victoria itsasontziarekin.
Red Eléctrica k obra konplexu bat egin du Lemoizko udalerrian, itsaslabarraren azpitik kilometro bat baino gehiagoko lau zulaketa eginez, kableak lehorrera iristeko. Kostaldetik 500 bat metrora egin dute, ingurumen inpaktua murrizteko. Kableak Gatikako bihurgailu estaziora iritsiko dira lurpeko linearen bidez.
Interkonexio Elektrikorik Ez plataformako kideak kezkatuta agertu dira azpiegiturek inguruan eta bertakoen osasunean eragin ditzaketen kalteengatik. Plataformako bozeramaileak adierazi du proiektuak "landa eremuak eta babestutako zuhaiztiak suntsituko" dituela eta itsasoko faunari eragingo diola. Gainera, Natura 2000 sarean babestutako Jaizibelen eremu elektromagnetiko kaltegarriak sortuko dituzten kableak jartzea salatu dute.
Plataformak salatu duenez, Red Electrica k aurreikusi baino esku-hartze handiagoak egiten ari da, kaltetutako herritarrak entzun gabe, eta hainbat irregulartasun atzeman dituzte obretan. Era berean, proiektuaren eredua gaitzesten dute, argindarrak hegoaldean garestitu egingo duelakoan. Talde ekologistek energia berriztagarrien aldeko apustua modu sakabanatuan eta energia burujabetzan fokua jarrita egitea defendatu dute.




