Bilbon aurkeztu du lehen aldiz Jesus Jauregi artistak bere proposamenik anbiziotsuenetako bat, Anthropos izenekoa. Urteetako lana biltzen duen formatu handiko erakusketa hau EHUko Bizkaia Aretoko Chillida aretoan dago ikusgai. Hamabi koadro handik osatzen dute erakusketa, eta maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara.
“"Unibertsitatea hiri baten arima da."
Testuinguru akademiko honek esanahi berezia du artistarentzat, unibertsitatea hiri baten arimatzat hartzen baitu. Horregatik, bertan erakustea harrotasun eta satisfazio handia dela azpimarratu du. Anthropos izenburupean, erakusketak “gorputzaren zalantzazko izaera” du ardatz, eta gizakiaren existentziari buruzko galdera sakonak jorratzen ditu. Artistaren hitzetan, “existentziaren enigmak adierazteko saiakera” bat da, erantzunak eman baino gehiago misterioan sakontzen duena.
Jauregik dioenez, gaur egungo diskurtso kontzeptualen nagusitasunaren aurrean, beste bide bat defendatzen du, eta horregatik bere proposamena arte garaikidearen joera nagusietatik aldentzen da. Arteak behar intimo eta biszeral batetik sortu behar duela argudiatuta, intuizioa, sena eta poesia jartzen ditu erdigunean, ideiaren eta diskurtsoaren gainetik. Bere sormen prozesua intuitiboa eta aurrez ez planifikatua da, eta lanak formatu handikoak dira, bilakaera baten ondorioz.
Erakusketako irudiak, oro har, bakartiak eta biluziak dira, indar adierazkor handikoak, eta askotan animalien ezaugarriak agertzen dira, gizakiaren alde animal hori harrapatu nahian. Jauregiren arabera, obra bakoitza ez da irudi isolatu bat, baizik eta ibilbide baten parte, kate moduko bat osatuz. Piezek elkarrekiko lotura bat dute, ikuslearentzat irakurketa jarraitua proposatzen duena, baina artistak ez du interpretazioa gidatu nahi, ikusle bakoitzak bere esperientzia propioa sortu dezan.
Alderdi formalari dagokionez, bere lanak kolore paleta mugatu batean oinarritzen dira, grisak, zuriak eta beltzak nagusituz. Argia eta itzala funtsezko elementuak dira giroak sortzeko eta iradokizuna indartzeko. Teknika aldetik, Jauregiren prozesua ez da inoiz erabat itxia, marrazki batek edo orban batek hasten baitu lana, eta hortik aurrera garatzen du obra. Sormen prozesu ireki eta intuitibo honek ustekabeko bilakaerak ahalbidetzen dizkio.
Artistaren ibilbidean eragin handia izan dute euskal konstruktibismoak, eta bereziki Nestor Basterretxea eta Jorge Oteizarekin izandako harremanek. Gainera, 25 urtez Mexikon bizi izan zen, eta horrek eragin sakona izan du bere obran, artearen magia aurkitu baitzuen han. Figurazio berria, espresionismo mexikarra eta arte indigena ezagutzeak ikuspegi irekiago bat eman zion, mendebaldeko zurruntasunetik askatuz.
Anthropos erakusketa ez da azalpenak emateko espazio bat, esperientzia bat baizik. Artistaren asmoa argia da: ikusleak zerbait senti dezala, barrutik astindu dezala, eta sartu den bezala ez ateratzea. Intentsitate horretan kokatzen du bere lanaren benetako zentzua.




