Ficoba guneak Uhinak Nazioarteko Klima Aldaketaren eta Itsasertzaren Kongresuaren zazpigarren edizioa hartuko du urriaren 8an eta 9an. Bertan, zientzialari, administrazio publiko eta enpresa arloko ordezkariek ozeanoan gertatzen ari diren aldaketak eta horiek kostaldean dituzten ondorioei aurre egiteko beharrezko erantzunak aztertuko dituzte.
Kongresuaren zazpigarren edizioak nazioarteko izaera eta orientazio praktikoa indartuko ditu. Bi hitzaldi nagusi zientifikoak izango dira, eta horiez gain, bi mahai-inguru eskainiko dira. Lehenengoak dagoeneko martxan dauden egokitze-proiektuak jorratuko ditu, eta bigarrenak, berriz, datozen urteetan kostaldearen kudeaketa gidatuko duten estrategiak eta gobernantza-ereduak landuko ditu.
Antonio Turiel, Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC)-eko Itsas Zientzien Institutuko ikertzaile zientifikoa, izango da hizlari nagusietako bat. Bere hitzaldia, «Cambios recientes en la circulación global del océano y en el Atlántico Norte: ¿hemos superado ya un tipping point?» izenekoa, ozeanoaren zirkulazio globalaren eta Ipar Atlantikoaren inguruko eztabaida zientifikoa aztertuko du, satelite bidezko informazioa erabiliz.
Melisa Menéndez, Universidad de Cantabria-ko Ingurumen Hidraulikako Institutuko (IHCantabria) ikertzailea, izango da bigarren keynote hizlaria. Bere ponentzia, «Variabilidad climática en eventos extremos de nivel del mar y oleaje», itsas mailaren igoerak eta itsas-ekaitzek kostaldean dituzten inpaktuak aztertuko ditu, eta horiek kudeatzeko aurrerapen zientifikoak eta metodoak azalduko ditu.
Kongresuak bi mahai-inguru berri izango ditu, bereziki udalerri eta kostaldeko udaletara zuzenduak. Hauek, egokitze-proiektuak eta etorkizuneko kostaldearen plangintza eta gobernantza estrategiak jorratuko dituzte. Horien artean, Iratxe García de Vicuña (Zarauzko Udala), Sara Taylor (Galesko Gobernua) eta Nicolás Castay (GIP Littoral Nueva Aquitania) arituko dira. Bigarren mahai-inguruan, Mikel Gargallo (Eusko Jaurlaritza), Marimar Alonso (Ihobe), Nerea Egia (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Caroline Sarrade (Communauté d’Agglomération Pays Basque) parte hartuko dute.
Edizio honetako programak 40 komunikazio ahozko eta 25 poster ere bilduko ditu, klima aldaketaren erronkak, itsasertzeko fenomeno muturretara egokitzea, arintzea eta erresilientzia, gobernantza, kudeaketa tresnak eta komunikazioa gai nagusien inguruan.
Uhinak kongresua Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Communauté d’Agglomération Pays Basque eta Région Nouvelle-Aquitaine erakundeen laguntzarekin.




