Lapurriturriko Interpretazio Zentroak, Iruneko Udaleko Garapen Jasangarriaren arloak bultzatuta Aiako Harria Parke Naturalean kokatua, bere udako eskaintzarekin jarraitzen du. Irailaren 12an, larunbatean, "Gure Arbola Adiskidea" izeneko jarduera berria ospatuko da. Hitzordua 11:00etan hasiko da, Lapurriturriko Interpretazio Zentro beretik abiatuta.
Ibilbide baten bidez, inguruan aurki daitezkeen zuhaitzak ezagutaraziko dira. Bidean, bertako aleak identifikatzeko argibideak emango dira, eta enborraren berezitasunak, landare sendagarriak eta kondairak azalduko dira.
Jarduera hau herritar guztiei zuzenduta dago, bereziki 6 eta 10 urte bitarteko haurrekin dituzten familiei. Izen-ematea derrigorrezkoa da eta abuztuaren 27tik irailaren 7ra bitartean egin ahal izango da, 010 telefono zenbakira deituta edo www.irun.org webgunearen bidez. Lapurriturriko Interpretazio Zentroak mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen du.
Lapurriturriko Interpretazio Zentroa irekita egongo da asteburu, jaiegun eta zubietan ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean, biak barne, 09:30etik 13:30era. Udaran zehar, inguruko balio historiko, kultural eta naturalak ezagutarazteko helburuarekin jarduera tematikoak eskainiko dira. Urriaren 10ean tailer mikologiko bat aurreikusten da, horren inguruko informazioa aurrerago emango delarik.
Lapurriturriko Interpretazio Zentroak 15 urte baino gehiago daramatza bisitariei parkea ezagutarazten, eta horretarako, denboraldi osoan zehar hainbat ekintza antolatzen dira. Jarduerez gain, zentroak parkeari buruzko informazioa eta ibilbide tematiko ezberdinei buruzko datuak eskaintzen ditu (Izotz-putzuak, Meatzaritza, Karbonogintza, Gerrak eta Flora-Fauna-Ur-a) eta inguruko eskaintza turistikoari buruzkoak.




