Aurtengo edizioak sei emanaldi bilduko ditu, apirilaren 29an hasi eta maiatzaren 3an amaituko direnak. Kontzertu gehienak Kultur Etxean izango dira, arratsaldeko 19:00etan, sarrera doakoa izango delarik. Sarrerak Kutxabank webgunean eta Arma Plazan eskuratu ahal izango dira. Irunen egingo diren emanaldietarako, sarrerak Oiasso Museoaren webgunean eta leihatilan egongo dira salgai.
Jaialdiaren zuzendari artistikoa, Carles Pons, izango da lehen akordeak jotzeaz arduratuko dena apirilaren 29an, bakarkako kontzertu batekin. Kataluniako musikari honek nazioarteko ibilbide luzea du, AEB, Brasil eta Serbia bezalako herrialdeetan aritu baita. Kultur Etxeko ekitaldirako, Isaac Albéniz edo Francisco Tárrega bezalako konpositore ospetsuen piezak interpretatuko ditu, baita bere konposizio propioak ere.
Apirilaren 30ean, In Breve hirukoteak musika ondareko gai ezagunak aurkeztuko ditu lau zatitan banatutako programa batekin: klasikoa, opera, jazza eta zinema musika. Talde hau Igor Kiritchenko (txeloa), Frédéric Bernard (gitarra) eta Eric Franceries (gitarra) musikariek osatzen dute, kritikaren gorespena jaso dutenak.
Maiatzaren 1ean, Mattia Dugheri gitarra-jotzaile italiarrak italiar kutsu nabarmena duen errepertorioa eskainiko du, Niccoló Paganini eta Mario Castelnuovo-Tedesco bezalako konpositoreen piezekin. Gaztea izan arren, Dugherik nazioarteko lehiaketa ugari irabazi ditu bakarlari gisa.
Maiatzaren 2ko hitzordua jaialdiko berezienetako bat izango da, Hondarribiko Musikal Eskolako ikasleek osatutako gitarra orkestra batek euskal kulturako lau abesti ezagun interpretatuko baititu: Ala Baita, Arantzazura, Zorabiatua Naiz eta Alabatua. Ondoren, Itxkey bikoteak hartuko du lekukoa, Ana Albán ekuadortarrak eta Fabián Martínez mexikarrak osatua. Bikoteak Latinoamerikako konpositoreen lanak jorratzen ditu.
Jaialdiaren azken egunean, maiatzaren 3an, Kultur Etxetik kanpo bi kontzertu eskainiko dira. Eguerdian, Manuel Toucinho eta Pedro Rufino (aita-semeak) musikariek joko dute Oiasso Museo Erromatarreko Musika Museoan ekimenaren barruan. Arratsaldean, berriz, Antonio Molfetta gitarra-jotzaile italiarrak itxiko du edizio hau Hondarribiko Paradorean.




